Hilabete falta da udal eta foru hauteskundeetarako, eta alderdiak hasiak dira herrietako zerrendak aurkezten. Goierrin 204 udal hautetsi aukeratuko dituzte maiatzaren 24an
Bilerak, zerrendak osatzea, hautagaien aurkezpenak… Dagoeneko hasi da 2015eko Udal eta Foru Hauteskundeetarako atzera kontua. Atzo bukatzen zen hautagai zerrendak aurkezteko epea, eta kanpaina ofizialki hasteko oraindik hiru aste falta badira ere, alderdi gehienek martxan jarria dute hauteskundeetarako makineria. Hilabeteko iraupen lasterketa dute orain aurretik, denek ere, helmuga maiatzaren 24ko hitzorduan jarrita.
Zerrendak aurkezteko epe mugaren bueltan, hainbat aurkezpen egin dituzte asteburuan Goierrin. Horien artean daude EH Bildu, EAJ, PSE-EE eta Irabazi-Ganemos alderdiak. EH Bilduk, gainera, Gipuzkoa mailako alkategai guztien izenak jakinarazi ditu asteburuan. Gainontzeko hautagai eta zerrendak aste honetan jakinaraziko dituzte, datozen egunetan argitaratuko baitira zerrendak lurralde bakoitzeko aldizkari ofizialean.
22 udal eta 204 hautetsi
Goierriko 22 herrietan 204 udal hautetsi aukeratuko dituzte maiatzaren 24an. Udal bakoitzak, biztanleen arabera ezarritako zinegotzi kopurua izaten du. Aurten, eskualdeko hiru udalerrik aldatu dute hautetsi kopurua: Zumarragaren kasuan, 10.000 biztanleko mugatik jaitsi denez, 17 zinegotzi izatetik 13 izatera pasako dira; Mutiloak eta Zerainek berriz, bina zinegotzi gehiago izango dituzte 2015-2019 agintaldian, 250 biztanleko muga gainditu dutelako.
Alkateak eta udal hautetsiak ez ezik, Gipuzkoako Batzar Nagusietako ordezkariak ere aukeratuko dituzte herritarrek. Goierriko 22 herriak bi hauteskunde barrutitan banatuta daude. Goierri beheko 19 herriak (Ezkio-Itsaso barne), Oria barrutian daude. Gipuzkoako ganberako 9 batzarkide barruti honetan aukeratzen dira. Urretxu, Zumarraga eta Legazpi berriz, Deba-Urola barrutian sartzen dira; guztira, 14 batzarkide hautatuko dituzte barruti horretan.
Bost asteko atzera kontua
Dagoeneko hilabete eskas falta da hauteskunde egunerako. Hemendik maiatzaren 24ra arte herritarrek, erakundeek nahiz alderdi politikoek eman beharreko pausoak eta datak, modu zorrotzean zehazten ditu Espainiako hauteskundeen araudia zehazten duen 5/1985 Lege Organikoak.
Hala, aste honetan argitaratuko dituzte zerrendak aldizkari ofizialean, eta alegazioak aurkezteko epe bat zabalduko da. Hautesleei errolda txartelak bidaltzen ere, hilaren 27tik aurrera hasiko dira.
Bestalde, hilaren 25etik maiatzaren 2ra bitartean, hauteskunde mahaiak osatzeko zozketak egingo dituzte herriz herri. Zozketa horiek egiten direnetik maiatzaren 9ra arteko epea dute udalek partikularrei izendatuak izan direla jakinarazteko.
Posta bidez botoa eman nahi dutenek, maiatzaren 14a baino lehen egin behar dute eskaria, eta 20ra arteko epea izango dute dokumentazioa aurkezteko.
Hauteskunde kanpaina, ofizialki, maiatzaren 8an hasiko da, eta bi aste iraungo du. Maiatzaren 23an gogoeta eguna izango da, eta azkenik, 24an, botoa emateko eguna. Lehen kontaketak egunean behar eta hautestokietan egiten badituzte ere, hiru egun geroago, maiatzaren 27an, kontaketa ofizialak egiten dituzte, hautes barrutietan.
Hemendik kanpaina hasi bitartean, aurkezpen gehiago egingo dituzte herriz herri. Gaur arratsaldean, esaterako, Lazkaoko EAJk aurkeztuko du bere zerrenda, 18:30ean.