Larunbatean izango da, Zubipe kiroldegian, 22:00etan. Sarrerak salgai daude herriko tabernetan, eta egunean bertan ere salduko dituzte.
Eli Lopez de Munain kultur teknikaria eta Aitor Iraeta zinegotzia / Maialen Igartua
Ormaiztegiko 50 lagun inguruk parte hartuko dute herri antzerkian. Hiribildu titulua lortu zutenetik 400 urte bete direla oroitzeko, Ormaiztegiren historia laburbiltzen duen antzezlana taularatuko dute. Abenduaz geroztik ari dira antzezlana prestatzen, eta larunbatean izango da emaitzaz gozatzeko aukera, Zubipe kiroldegian, 22:00etan. Sarrerak bost euro balio ditu (hamabi urtetik beherakoentzat euro bat), eta dagoeneko salgai daude herriko tabernetan. Egunean bertan ere salduko dituzte.
Aitor Iraeta kultur zinegotziak eta Eli Lopez de Muniain kultur teknikariak azaldu dutenez, antzezlanak
zortzi pasarte izango ditu, eta ordubete inguruko iraupena. 1053ko idatzi batekin hasiko dira, eta Segurara anexionatu zirenekoa ere azalduko dute. Pasarte nagusia 1615ekoa izango da, hiribildu titulua lortu zutenekoa. Eta geroztiko pasarteak ere irudikatuko dituzte, besteak beste, ordaindutako prezioak eragindakoak: gosetea, pobrezia…
Narratzaileetako bat, Iñaki Leturia
Informazio bilketa handia egin dute antzezlana prestatzeko. Historian adituak diren herritarrekin talde bat osatu zuten horretarako, eta haiek izan dira 1053az geroztiko informazioa bildu eta pasarte garrantzitsuenak aukeratu dituztenak. Herritarren parte hartzearekin gustura daudela esan du Iraetak. Haur, gaztetxo, heldu eta edadetu, denek parte hartuko dute antzezlanean. Hiru narratzailek eramango dute istorioaren haria, eta Iñaki Leturia herritarra izango da horietako bat.
Jantziak eta dekoratua ere zaindu dituzte. Garai bakoitzari dagozkien jantziekin aterako dira antzezleak taula gainera. San Andres jaietan erabili izan dituzten arropak baliatu dituzte XIX. mendeko pasarteetarako. Gainontzekoetarako, berriz, Axun Mendizabal herriko jostunak lagundu die beharrezko arropak lortu eta josten. Atrezzoa prestatzeko, berriz, Kontxi Simon herritarrak eskaini die laguntza.
Urteurrena ospatzeko ekintza gehiago
Herri antzerkiarekin hasiko dituzte Ormaiztegin 400. urteurreneko ospakizunak, baina urtean zehar ere izango dira ekitaldi gehiago. Irailean, esaterako, gerra zibilaren inguruko bideo bat aurkeztuko dute. Urrirako, berriz, argazki zaharren erakusketa egiteko asmoa dute herri osoan zehar.