Lazkaoko EAJk udal hauteskundeetarako zerrenda aurkeztu du
Honako lazkaotar hauek dira zerrenda osatzen dutenak: Felix Urkola alkategaia, Ane Irastorza, Aitor Altuna, Begoña Bueno, Iñaki Estensoro, Amagoia Naldaiz, Javi Arrasate, Edurne Muxika, Arkaitz Lazkano, Lierni Larrañaga, Igor Altuna, Ana Igarzabal, Xabier Garmendia, Angel Vazquez eta Agurtzane Lasa.
Urkolak bi konpromiso hartuko dituela esan du: herritarrek diotena entzun eta erantzuna eman. Errespetuaz ere hitz egin du. Instituzioei, alderdi politikoei eta herritarrei errespetua izango diela esan du. “Errespetua ez da gauza bat esan eta beste bat egitea, aurrekoek egindakoa kritikatzea norberaren ezintasunak estaltzeko, erabakiak Donostian hartu eta lazkaotarrek horien berri prentsaren bidez izatea”.
Ez dutela programa bat aurkeztuko esan du, proiektu bat baizik. Ekonomia bultzatzeko lau urtetan 500.000 euro inbertitzeko asmoa azaldu du eta gazteei eta adinekoei etxebizitzak eskaintzeaz eta ikastolaren eraikinak eta kiroldegia berritzeaz hitz egin du. Elkarbizitza ere aipatu du. “Lazkaon errespetu falta bizi izan dugu. Iraganeko zauriek bizirik diraute eta udalak elkarrizketa eta bizikidetza bultzatu behar ditu”.
Ekitaldian Markel Olano ahaldun nagusi kargurako hautagaiak ere parte hartu du. “Markel Olano eta Eneko Goia Donostiako alkategaia ezagutu ditudan pertsonarik langileenak dira. Beraien lanerako ahalmena beraien baloreek bakarrik gainditzen dute”.
Olanok ezker abertzaleak ekonomia arloan kudeaketa “kaxkarra” egin duela esan du. “Ez dute plan bat eduki eta ez dute enpresekin harremana eduki. Eta hori Gipuzkoan egin daitekeen inkonpetentzia politiko handiena da. Gizarte zerbitzuek egitura garrantzitsua dugu eta horrek lehentasuna du, baina hori ordaintzeko baliabide ekonomikoak behar ditugu eta horiek lantegiek sorten dituzte”.
Ezker abertzalearen lan egiteko modua ere kritikatu du. “Bere eredua inposatzen saiatu du. Guretzat garrantzitsuena jendearekin egotea da, negoziatzea, eta ondoren ekimenak martxan jartzea. Ekonomia, harremanak eta efikazia dira gure lanaren oinarriak. Ezker abertzaleak, berriz, zaborren gaia eta Deskargako errepidea hurrengo legealdirako utzi ditu. Gu eraginkorrak izango gara. Aldaketa sakona ekarriko dugu. Kultura politiko berria”.