Goierriko LAB sindikatuko ordezkariek agerraldia egin dute Maiatzaren Leheneko manifestaziorako deialdia egiteko.
Langileak izatearen harrotasuna eta borrokaren beharra aldarrikatuko ditu Goierriko LAB sindikatuak, Maiatzaren 1ean Beasainen antolatu duen manifestazioan. Zubimuzu plazatik 12:00etan abiatuko da. “Langileok mobilizatzen jarraitzen dugula” ikustarazteko Euskal Herri osoan eta eskualdez eskualde 20 mobilizaziotik gora egingo ditu LABek. Langile izateaz “harro” daudela azaldu dute; izan ere, “gu gara Euskal Herria aurrera ateratzen dugunak”. Gobernuek, ordea, “langileria mespretxatzea eta inolako mugarik gabe zapaltzea erabaki dute, gutxi batzuen mesedetan herria probretuz”. Hori dela eta, egungo egoeran borrokan jarraitu beharra dagoela uste du sindikatu abertzaleak.
40. urteurrenean “sendo”
LAB sindikatuarentzat maiatzaren lehena “berezia” da, 40 urte bete dituelako aurten. Urte hauek “heldutasuna” eta etorkizunerako “oinarri sendoa” eman dietela uste dute.
Babes horren adibidetzat jarri azken bost urteetan igo egin dela Goierrin LABek duen babesa. Sindikatuak emandako datuen arabera, Goierri behean %32,5eko ordezkaritza izatetik %34,8 izatera pasa dira; Goierri garaian, berriz, %19,5etik %21era.