Ampo Ordiziak eta Hernanik derbia jokatuko dute igandean, ikastolen alde
Partida berezia izango da igandean Ampo Ordiziak eta Hernanik jokatuko dutena. Batetik, bi talde gipuzkoarren arteko derbia delako; eta bestetik, Sehaskako ikastolen alde ariko direlako. Hori dela eta, “Altamira jendez gainezka” egotea espero dutela azaldu dute gaur bi taldeetako arduradunek. Gainera, Ordiziak zein Hernanik, “jokoan asko” dutela gogorarazi dute, biak ala biak ere puntuen beharrean baitaude; ordiziarrak play off-en lehian sartzeko, eta hernaniarrak mailari eusteko.
Donostiako Kirol Etxean bildu dira bi taldeetako, aldundiko eta Ikastolen Elkarteko ordezkariak. Paxkal Indo Sehaskako zuzendariak azaldu duenez, “horrelako ekimenek indarra” ematen diete, “egunero egin behar dugun borrokan”. Izan ere, aurten Ziburuko ikastolarekin izan dituzten arazoez gain, erronka garrantzitsua dute eskuartean: hiru ikastola berri sortzea. Horregatik, bi taldeen ekarpena eskertu du, “guk proposatu gabe”, bi taldeen ekimenez sortu baitzen. Aurreneko partida Hernanik jokatu zuten, ligako lehen itzulian. Orain berriz, Ordiziaren txanda da. Bi mila zale inguru espero dituzte. Kepa Korta Ordiziako taldeako arduradunak zaleei deia egin die, “zenbat eta jende gehiago bildu, hobe, orduan eta laguntza handiagoa” emango baitiete Ipar Euskal Herriko Ikastolei.
Partida igandean jokatuko dute, 12:00etan, Altamirako zelaian. Sarrerekin bildutako dirua, Sehaska laguntzeko erabiliko dute. Horrez gain, “hirugarren denbora handi bat” ere antolatuko dute, bi taldeetako jokalariak zein zaleak elkartzeko. Han bildutakoa ere, ikastolak laguntzeko erabiliko dute.