Udaberriaren aurrera doan heinean, kanpoko produktuak azaltzen hasi dira poliki-poliki. Babarekin hasita, laster garai honeatako beste produktu batzuk izango dituzte baserritarrek.
Denboraldiko lehenengo babak eraman ditu Edurne Jauregik Ordiziara.
Baliarraindik iritsi dira aurtengo denboraldiko lehen baba freskoak Ordiziako azokara, Gorostartzu baserriko Maria Jesus Mujikak eta Irabiazpiko Edurne Jauregik ekarrita. Kanpoko uzta zen biena, eta kiloa 4 eurotan saldu zuten atzo. Babarekin hasi direla eta, laster garai honetako beste produktu batzuk izango dituztela aipatu zuten biek: ilarrak, baratzuriak, letxuga, kipula…
Ilarrak beste postu batzuetan bazeuden salgai, oraindik gutxi, kiloko 8 eta 12 euro bitarteko prezioarekin. Aurtengo negua gogor joan da, eta produkzioa atzeratu egin da, baina eguraldia berotzen hasia da eta ortuetan hazteko astindua ematen die horrek landareei. Beraz, produktu berri gehiago iristear dira Ordiziako azokara.
Ziza ugari bildu dira Ordiziako azokan.
Zizak eta perretxikoak
Eta iritsi, geratzeko iritsi ziren duela aste eskas batzuk zizak, merkatuko postuetan hedatzen ari direlako. Atzo lau lekutan ikusi genituen salgai, guztira 81 kilo. Mikel Lasak eta urtero garai honetan agertzen den Garbiñe arabarrak zituzten lote handienak, 50 kilokoa eta 28 kilokoa, hurrenez hurren, eta kiloa 45 eurotan saltzen zuten biek. Hauen prezioa ere, kiloko 45 eurokoa zen.
Beste bi postuetan, bertako ziza saltzen zen, kiloa 60 euroan. Ikusten denez, zizaren prezioa jaisten ari da astetik astera, ugaltzen doan heinean, eta urruti geratzen dira lehenengo aleekin kiloko eskatzen ziren 160 euroak. Perretxikoen atalean, bestalde, onddoak ere aipatu behar dira, goiz erditik aurrera Lasak salgai jarri zituelako bere postuan Zamoratik ekarritako 20 bat kilo, kiloa 30 euroan. Bestelakoan, zizak eta onddoak bezain erakargarriak ziren azokan loreak.
Loreak
Udaberria aurrera doan heinean, eskaintza zabaltzen doa, eta atzokoan geranioari, surfiniari, krabelinari eta alegriari, berbena, diplademia eta begonia erantsi zitzaizkien, besteak beste. Lore moztuetan, berriz, kalak daude bete betean, eta atzo 2,5 euroan saltzen zen sorta.
’12 hilabete, 12 produktu’
Amaitzeko, aipatu behar da 12 hilabete, 12 produktu ekimenaren baitan gaztari eskainitako hilabetean gaudela, eta atzoko azokan Gabiriako Baztarrika baserrikoak etorri zirela, bertan produzitzen duten Idiazabal gaztarekin.