Lazkaon zortzi egunez ospatuko dituzte San Prudentzio festak
Ostiraletik ostiralera, apirilaren 24tik maiatzaren lehenera izango dira aurten Lazkaoko jaiak. Zortzi egun bete dira. Bihar (ostirala, apirilak 24) hasiko dira. Gure Esku Dago ekimeneko kideek botako dute hasierako suziria, udaletxeko balkoitik. Haiek irakurriko dute pregoia ere. Hain zuzen, Ehuntze Eguna izendatua dute biharkoa Lazkaon, gainontzeko herrietan baino egun bat lehenago, jaiengatik. Jostunak dinamikaren barruan, ekainaren 2ean egingo den hautesontzi erraldoirako Lazkaoko oihal txatalak josiko edo bateratuko dituzte.
Lazkaoko festak 2015. Egitaraua (PDFa)
Mozorrotuen eguna larunbatean ospatuko dute lazkaotarrek. Udalak hainbat arau edo neurri jarri ditu, lagun taldeek kalean jartzen dituzten karpei eta erabiltzen duten musikari buruz.
Jai Batzordean prestatu dute egitaraua. “Denen gustua bete nahian osatu da egitaraua. Jendeak ekarri dituen ekarpenekin edo bestela mahaian atera diren ideiekin. Nahi adina lagun ez da elkartzen antolatzeko, jendeak gehiago parte hartzea nahiko genuke. Baina giro onean joan dira”, azaldu dute udal ordezkariek.
Urteroko ekitaldiak izango dira. Haurrentzat eskaintza hazi egin dute. San Prudentzio bigarrenean, adibidez, hiru tokitan jarriko dituzte puzgarriak eta jolasak, eguraldi ona egiten badu. Eta bezperan eskulan tailerra ere antolatuko diete.
Bestetik, azken orduan kolokan egon bazen ere, helduen danborrada aterako da azkenean. Jendeak erantzun du, eta osatu ahal izan dira danbor jotzaileen konpainiak. Hori bai, 20:00etara aurreratu dute, San Prudentzio bezperan.
Musikari dagokionez, Anestesia talde zarauztar mitikoaren kontzertua da aipagarrienetako bat, Kuadrilla Egunean. Ladislao lazkaotarrek ere joko dute aurretik, txosnetan. Udalaren egitarauan, Zopilotes Txirriaos nafarrak eta Skakeitan donostiarrak ekarriko dituzte, larunbat gaueko kontzertua hornitzeko. Kuadrilla egunerako, berriz, Gozategi talde oriotarra. Herriko taldeen aldeko apustua ere bada. Lazkaoko Gauerdi eta Karnero Blanko taldeek joko dute, baita Drindotsek ere.