Bi eguneko grebara deituta daude Osakidetzako langileak. Ordezkaritza duten sindikatu guztiek babestu dute greba. Zumarragako ospitalean bertan behera utzi dituzte gaurko aurrikusitako ebakuntzak.
SATSE, ELA, LAB, CCOO, UGT eta ESK sindikatuek Osakidetzako 30.000 profesional baino gehiagori gaurko eta biharko deitu duten lanuztearekin bat egiteko deia egin diete. Goierriko osasun zentroetako langileak ere grebara deituta daude. Bart gaueko hamarretan hasi eta bihar gaueko hamarretan amaituko dute.
Gaur eguerdian elkarretaratzea egin dute hiriburuetako ospitaleetan, eta sindikatuak haserre agertu dira Osakidetzako zuzendaritzarekin. Gutxieneko zerbitzuak “gehiegizkoak” izan direla salatu dute, eta modu horretara greba “boikoteatu” nahi izan dutela.
Goierrin, esaterako, herri txikietako kontsultategiak irekita egon dira. «Horrek ez zuen horrela behar, 24 orduko zerbitzua eskaintzen duten zentroak bakarrik egon beharko lukete irekita gutxieneko zerbitzua eskaintzeko, baina zuzendaritzak denak irekitzea erabaki du», adierazi du Zaida Casales Goierriko ESIko LABeko ordezkariak. Zumarragako eta Beasaingo osasun zentroak dira 24 orduko zerbitzua eskaintzen dutenak.
Zumarragako ospitalean ere izan dira gorabeherak gaur goizean. Erreanimazio saileko langileek lanuztea egin dute, eta gutxieneko zerbitzua eskaini dute. Zuzendaritzak, ordea, ebakuntzak aurrera eramateko asmoa agertu du, eta erreanimazioko langileak kirofanoen aurrean bildu dira, kexu. «Kirofanoan sartu nahi zituzten pazienteak, baina erreanimaziokoak minimoetan egonda, arreta ez zegoen ziurtatua, eta langileon greba eskubidea urratzen ari ziren», esan du Casalesek. Azkenean bertan behera utzi dituzte programatutako ebakuntzak.
Sindikatuen eskakizunak
Osakidetzako sindikatuek lan baldintzen hobetzea da eskatzen dutena eta kalitateko zerbitzua zalantzan jartzen duten murrizketekin amaitzea. “Osakidetzan galdu diren lapostuak berreskuartzea nahi dugu, lan karga egokiekin lan egin nahi dugu, osasun zerbitzua hobetu eta langileen arteko soldata bazterketekin amaitu nahi dugu”, diote sindikatuek.
Murrizketen aurkako kartelak Zumarragako Ospitalean. / Maialen Igartua