Goierriko bola txapelketa jokatuko da gaur, txapela jokoan dela
Sei jardunaldiren ondoren, Iñaki Maiz gabiriarra da lider. Andoni Berasategi idiazabaldarrarekin lehiatuko du txapela, bi puntura baitu.
Txapela nork irabaziko duen gaur ebatziko dute Goierriko 27. Bola Txapelketan. Bi punturen aldearekin bi bolari daude, eta buruz buruko modura geratu da azken jardunaldia. Iñaki Maiz gabiriarra dago sailkapenean lider, 282 punturekin. Andoni Berasategi idiazabaldarrak bi gutxiago ditu. Atzetik, hirugarren postuan Martzelino Agirre idiazabaldarra dago 9 puntura, dagoeneko txapelatik urruti.
Zazpi jardunalditan azkenekoa Seguran izango da, gaur. Aurreko sei tiraldietan erregulartasun handiz jokatu dute Maizek eta Berasategik. Gabiriarrak duela lau-bat jardunaldi hartu zuen lidertza, eta sendo eutsi dio azkenera arte. Berasategik, bere aldetik, aldea pixka bat jan dio azken aldera.
Goizez eta arratsaldez izango da tiraldia. Izena emateko orduak 10:30etik 11:30era eta 16:30etik 17:30era dira. Segurako Baratze pilotaleku atzeko bolatokian da bolatea.
Ohitura askoko lehiaketa Ezarritako ohitura asko ditu Goierriko Txapelketak. Eskualde osoan zazpi herritan jokatu ohi da, azkeneko urteotan. Bukaerako jardunaldia non jokatu aldatu egiten dute urterik urte. Bukatutakoan, gainera, afaritan elkartuta ospatzen dute bolari parte-hartzaileek. Seguran, Izkiña tabernan izango da gaurko afaria, 20:00ak aldera. Txapelketa osoan 30 bat bolarik jarraitu dute, nahiz eta tiraldi bakoitzean gehiago ere aritu diren. Gehienak goierritarrak dira, baina Beterrikoek eta Donostiakoek ere badute Goierrira etortzeko ohitura. Goierrikoaz gaindi —ez da egutegi ofizialeko txapelketa—, Gipuzkoako denboraldiak aurrera segitzen du. Gipuzkoako Kopako 3. jardunaldia Urnietan da, bihar; eta hurrengo igandean, maiatzaren 3an, Seguran. Martxoan jokatu zen Lehendakari Txapelketa, berriz, Patxi Arrondo zeraindarrak irabazi zuen. Aurten Legazpin jokatuko da Gipuzkoako Txapelketa, ekainaren 16an; eta Idiazabalen beterano, gazte eta haurren txapelketa, maiatzaren 24an.













