Arrantza garaia hasi da
Erreketako arrantza denboraldia irekita dago apirilaren 5etik. Lazkaoko Agauntza errekako arrantza intentsiboko barruti berriarekin gustura daude arrantzaleak.
Duela urte gutxira arte San Jose ...
Erreketako arrantza denboraldia irekita dago apirilaren 5etik. Lazkaoko Agauntza errekako arrantza intentsiboko barruti berriarekin gustura daude arrantzaleak.
Duela urte gutxira arte San Jose egunez, martxoaren 19an, baimentzen zen erreketako arrantzaldia, baina badira urte batzuk apirilera atzeratu zutela. Apirilarekin batera iritsi da Gipuzkoako erreketako eta ibaietako arrantza denboraldia. Uztailaren 31ra arte egongo da baimenduta Gipuzkoako Foru Aldundiak zehaztutako arrantza barrutietan. Lareoko eta Arriarango urtegietan irailaren 30era arte luzatuko da arrantzaldia.
Amuarrainak izaten dira arrantzaleen helburu eta arrantzaleko harrapatu daitekeen amuarrain kopurua hirukoa da; 22 cm-ko neurria izan beharko du gutxienez eta 35 cm-koa gehienez. Neurri horietan sartzen ez diren guztiak uretara itzuli beharko dira. Lareoko eta Arriarango urtegietan, baldintzak desberdinak dira: bost amuarrain bakarrik harrapatzea baimentzen da eta horietatik bakarra 40 cm-koa baina handiagoa izatea.
Goierriren kasuan bi arrantza barruti daude, Lareo eta Arriaran. Bertan arrantza egin ahal izateko Arrantza Federazioak egunero pase bereziak banatzen ditu zozketa bidez. Hori bai, Federazioan egindako zozketan soberan gelditu diren baimenak Beasaingo Aitz Zorrotz elkarteak emango ditu, hark ere, zozketa bidez. Arrantza baimena eguneratuta duten arrantzale guztiek parte hartu dezakete zozketan.
Goierriko hil gabeko arrantza egiteko gunerik nagusiena eta berriena Lazkaon dago
Aurtengo neguan izan diren uraldiek kezka sortu dute arrantzaleengan
Arrantza egunei dagokienean, egunero egin daiteke arrantza, jaiegunak ez diren asteartetan izan ezik.
Hil gabeko arrantzan egiteko tarteak ere badaude Goierrin. Oria ibaian, esaterako, Ordizian Amundarain ibaiaren bokaletik Legorretaraino, eta Matxinbentako Ibai-Ederren, Zapatari baserritik Urolako ibai ahoraino.
Agauntzako barrutia
Dena den, Goierriko hil gabeko arrantza egiteko gunerik nagusiena eta berriena, Lazkaon dago, Agauntza errekan; Iribe errotako presatik (Irutxiki) Senpereko zubiraino. Urte guztian egin daiteke bertan arrantza. Negu partean bertan arrantza egiteko Gipuzkoako Arrantza Federazioan paseak eskuratzea beharrezkoa izaten bada, garai honetan, ez da paserik behar arrantzarik egiteko.
Iaz ireki zuten arrantza intentsiboko barruti berria eta Unai Urkia arrantzaleak adierazi duenez, harrera ona izan du. «Kanpotik ere etorri da jendea, nahiz eta oraindik ez den gehiegi ezagutzen. Lehiaketak ere egiten dira barruti berria ezagutarazteko». Dena den, arrantzarako gune berri horren helburuetako bat, haurrak eta gazteak arrantzan ikasiz arrantzara gerturatzea da. «Negu partean amuarrainak askatzen dituzte eta arrantzan egiten ikasteko leku ona da», gaineratu du Urkiak. Ildo horretan, aurten, Lazkaoko festetan, maiatzaren 1ean, 10;00etan, haurrentzako arrantza txapelketa antolatu dute.
Uraldien eragina
Urkiak adierazi duenez, amuarrainak egon badaude, baina «ez da duela 20 urte bezalakorik». Aurtengo neguan izan diren uraldiek kezka sortzen dute arrantzaleengan: «Uraldiak izan zirenean amuarrainak arrautzak jarri berriak ziren eta ikusi egin behar zer gertatu den, ea urak ez dituen denak eraman. Datorren urtean ikusiko dugu hori», dio Urkiak.
Arrantza txapelketak
Unai Urkia Aitz Zorrotz elkarteko taldeko arrantzaleetako bat da. Asteburuan, Asturiasa joango dira, Cangas de Onis ingurura, Espainiako elkarte arteko arrantza txapelketa jokatzera. Urkiarekin batera, Luis Ruiz, eta Xiker eta Alex Ugalde ariko dira. Iaz, Euskadiko txapelketa irabazita eskuratu zuten Espainiako txapelketarako txartela. Banakakoak ere izango dituzte.
Arrantza debekatutako guneak
Aurtengo arrrantza denboraldian debekaturik egongo diren ibai eta erreka tarteak zehaztu ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak.
Agauntza erreka.
Beasainen, Senpereko zubitik ibai-ahoraino.
Ataunen, Aitzarte errekak Agauntza ibaian isurtzen dueneik San Martin elizako zubiraino, eta Uerkain presatik San Gregorioko errotaraino.
Amundarain erreka.
Zaldibian, Urtsuerreka errekastoaren ibai-ahotik Berdillarri baserriraino, eta Osinberde eta Arkakako zubi bitartean Amundarain errekara doazen erreka guztietan.
Arriaran urtegiaren errekak.
Beasaingo eta Ezkio-Itsasoko udalerrietan, Arriaraingo urtegian isurtzen diren Garin eta Arriaran errekak.
Eztanda erreka.
Gabirian, Estanda erreka jaiotzen denetik Errotaberri baserrira arteko tartea.
Ibai-eder erreka.
Beasaingo eta Ezkio-Itsasoko udalerrietan,Ibai Eder erreka jaitotzen denetik urtegiz gora dagoen aforalekuraino eta Ibai Ederren isurtzen diren erreka guztietan.
Troi urtegia.
Gabiriako eta Mutiloko udalerrietan, Troi urtegiaren mugen barruan.
Urtsuaran erreka.
Idiazabalen, Orian urak isurtzen dituenetik N-I-eko zubiraino.
Urola ibaia.
Legazpin, Renfeko geltokira doan zubitik Olaberriko presaino.