Diktadoreen bisitak CAF lantegian
Primo de Riverak 1927an bisitatu zuen Beasaingo lantegia; Francisco Franco generalak berriz, 1943an.
Espainiako errege-erreginak, gobernu buruak, lehendakariak… denetariko agintariak hartu ditu CAF lantegiak, ...
Primo de Riverak 1927an bisitatu zuen Beasaingo lantegia; Francisco Franco generalak berriz, 1943an.
Espainiako errege-erreginak, gobernu buruak, lehendakariak… denetariko agintariak hartu ditu CAF lantegiak, mende beteko historian. Izan ere, egoera ekonomiko onaren eredu bat eman nahi izan dutenetan, Goierriko tren konpainia ezagunera jo dute agintari askok. Egungo ikuspegitik begiratuta, ordea, deigarri egiten da Euskal Herriaren historiak XX. mendean ezagutu dituen bi diktadoreak, Primo de Rivera eta Franco generalak, Beasainen izan zirela jakitea.
Egun, hainbat argazkilariren bildumek eta hauek digitalizatu dituzten erakundeei esker, garai hartako testigantza grafikoak erraz lor daitezke. Primo de Riverari 1927an agintariek eta lantegiko arduradunek egindako harrera ikus daiteke irudi horietan. Francoren bisita beroagoa izan zen, eta gehiago dira hari buruz argitaratutako informazioak ere. Garaiko prentsak –erregimen frankistaren aldekoak– jarraipen zabala eman zion bisita hari. ABC egunkariak, esaterako, azalera eraman zuen albistea. Generalisimoari harrera «txalo eta babes oihu artean» egin zitzaiola jasotzen du garaiko kronikak.
1943ko irailaren 10a zen. 17:00etan, Francisco Franco Bahamonte Espainiako Estatu Burua, Aieteko jauregitik (Donostia) abiatu zen, Beasainera bidean. Bidelagun izan zituen Jose Luis de Arrese y Magra Falange alderdiko idazkari nagusia, eta Muñoz Grandes eta Muñoz Aguilar koronelak. Bidean, Andoain, Tolosa, Legorreta zein Ordizia, okasiorako bandera eta zintekin apainduta ageri zirela jasotzen dute, eta bidera, agintariak zein langileak atera zirela, Generalisimoa «debozioz» agurtzera.
Beasainera iristerakoan, ongi etorria egiten zioten pankarta eta arkuen azpitik pasa zen Francoren autoari. Bertan, Los Arcos generala, Gobernadorea eta Mugimenduaren probintziako arduraduna zituen zain. Baita, besteak beste, Gipuzkoako Ahaldun Nagusia eta Ordizia, Beasain eta Lazkaoko alkateak ere. Franco iritsi orduko, Beasaingo udal bandak Espainiako ereserkia jo zuen.
«Langileekin hizketan»
Behin agintari guztiak agurtuta, lantegira bisita hasi zuen, enpresaren zuzendariak lagunduta. Errodaje eta forja tailerrak ikusi zituzten aurrena, eta lokomotora elektrikoak egiten zituzten pabilioia ondoren.
Lantegi horretan, gerra garaian armada frankistako División Azul batailoian jardun eta gorputz atalen bat galdutako hainbat soldadu ohik lan egiten zuten. Haiekin hizketan aritu omen zen Franco.
Ondoren, egur biltegira eta aroztegi sailera joan zen, eta han ere, hainbat langilerekin solasean aritu omen zen, kronistak kontatzen duenaren arabera. Langileei beraien lan baldintzen inguruan galdetu omen zien. Garai hartan 2.200 langile zituen CAFek, eta bataz beste, 315 bat pezetako oinarrizko jornala jasotzen zuten.
Behin bisitaldia bukatutakoan, Francok bere sinadura utzi zuen enpresaren ohorezko albumean. Ardo botila bat ere eman zioten, opari modura.
ABC egunkariko kronikak jasotzen duenez, bisitaldiak bat egin zuen langileen jardunaren amaierarekin. Hauek, bi ilara osatu eta bibaka agurtu omen zuten generala. Ordiziako musika bandak ere Espainiako ereserkia jo zion, agur moduan.
Egun bitxia egiten bada ere, Goierriko Fabrika Handiaren pasarterik ilunenetako bat izan zen gerra eta haren ondorena.