Uemak errenta aitorpena euskaraz egitera bultzatu nahi ditu herritarrak
Beasaingo, Lazkaoko eta Ordiziako udalek aurten ere bat egin dute Uemako herrien kanpainarekin; Ekainaren 25era arte egin daiteke errenta aitorpena
Pixkanaka gero eta gehiago Urtetik urtera gorantz doa errenta aitorpena euskaraz egiten dutenen kopurua. Baina datuek erakusten dutenez, helburuetatik oraindik ere urruti dago Goierri. Beasainen kasuan, adibidez, 2013an %13,50ak aukeratu zuen euskara errenta aitorpena egiteko eta 2014an, %14,44. Ordizian, 2013an %14,4 eta 2014an %14,89 izan ziren euskara aukeratu zutenak. Lazkaon, 2013an %19,24 eta 2014an %22,6 izan ziren.Errenta aitorpena egiteko lau bide Lau bide daude errenta aitorpena egiteko eta bide guztietan dago euskaraz egiteko aukera, inolako arazorik gabe. Euskaraz egin nahi dela jakinaraztea nahikoa da. Mekanizatuaren kasuan, adibidez, hitzordua hartzerakoan, Ogasunarekin harremanak euskaraz izan nahi direla esan daiteke. Ogasunarekin aurrez aurreko harremanak, euskaraz izan daitezke, horrela eskatzen bada. Ogasunak sinatzeko ematen duen orria ere euskaraz jaso daiteke. Autolikidazio proposamenak jasotakoan eta onartzerakoan, euskaraz egin nahi dela esan, eta aurrerantzean Ogasunak agiriak euskaraz bidaliko dira. Telematikoan, aholkularitza zerbitzura joatean, espresuki adierazi behar da aitorpena euskaraz egin nahi dela. Internet bidez errenta programa jaitsiz gero, berriz, euskarazkoa aukeratu behar da. Inprimakiak erosterakoan estankoan bertan egin daiteke euskarazkoaren hautua, euskarazko inprimakia erosita. Internet bidez ere lor daiteke inprimakia, eta euskaraz betetzeko aukera izaten da.