Gaur hasiko dira Legazpiko Santikutz jaiak
Hasi da Goierriko festa zaparrada. Lazkaoko jaiak oraindik ez dira amaitu eta gaur bertan Legazpikoak hasiko dira. Aurtengo bi protagonista nagusiak Sustraiak dantza taldea eta Telleriarteko Txirrindulari Elkartea izango dira. Lehenengoek pregoia irakurriko dute eta bigarrenek Olaria saria jasoko dute.
Sustraiakeko dantzariak taldearen 40. urteurrena, inauterietako konpartsaren 25. urteurrena eta kapela dantzaren 20. urteurrena ospatzen ari da.
Hori dela eta, jaietako ekitaldi askotan parte hartuko dute. Gaur arratsaldean pregoia irakurriko dute, larunbatean banden kontzertuan eta danborradan parte hartuko dute eta igandean, urtero bezala, ezpata dantza egingo dute. Aurten, neskek ere parte hartuko dute. 2011n dantzatu zuten lehenengoz ezpata dantza herriko neskek, orduko hartan bakarrik.
Igande goizean, soka dantza, zinta dantza eta larrain dantza ere egingo dituzte. Ondoren bazkaltzera joango dira. Maiatzaren 9an, berriz, kapela dantza egingo dute. Bukatzeko, maiatzaren 10ean Mirandaolako erromerian parte hartuko dute.
Dantzariak ez dira izango, ordea, egun osoa kalean emango duten bakarrak. Telleriarteko Txirrindulari Elkartekoek ere protagonismo handia izango dute. Izan ere, biharko, Santikutz Klasikaren 87. ekitaldia antolatu dute eta igandean Olaria saria jasoko dute.
Santikutz Klasikari dagokionez, aurten ere Espainiako Koparen azkeneko proba izango da eta, beraz, Legazpin erabakiko da txapela nork jantziko duen. Zazpi txirrindularik dute oraindik txapelketa hau irabazteko aukera, baina lau dira hobeto kokatuta daudenak: Antonio Angulo (Gomur Lébana 2017), Egoitz Fernandez (Euskadi Fundazioa-EDP), Antonio Pedrero (Lizarte) eta Jaime Roson (Caja Rural-Seguros RGA). Ez dute lan erraza izango, Elite eta 23 urtez azpiko txirrindulari onenen aurka lehiatu beharko baitira.
Txirrindulariek 141,5 kilometroko ibilbidea osatu behar dute. Haztegi ikastola paretik irtengo dira, 09:30ean. Azpeitiara joango dira eta ondoren Legazpira itzuliko dira, Aztiria mendatea igotzeko. Ondoren, Liernitik Legazpira joango dira (Eitzagatik) eta hurrengo itzulian Atagoitik itzuliko dira Legazpira. Bukatzeko, Oñatira joango dira. Deskarga igo ondoren helmugaratuko dira. Garailea 12:50ak aldera sartuko da helmugan.
Santikutz Klasikoa Euskal Herriko txirrindulari lasterketa zaharrenetakoa da, eta izen handiko txirrindulariek irabazi dute. Besteak beste, Ricardo eta Luciano Montero Ordiziarrek, Federico Ezkerrak, Dalmancio Langarikak, Cosme Barrutiak, Jacinto Urrestarazu ataundarrak, Luis Otañok, Felix Gonzalez Linaresek, Migel Mari Lasak, Joseba Beloki lazkaotarrak eta Mikel Astarlozak. Baita Txomin Perurenak ere. Oiartzungo txirrindularia lasterketa gehien irabazi dituen euskal txirrindularia da. Legazpiko proba 1965ean irabazi zuen, duela 50 urte, eta antolatzaileek omendu egingo dute aurten urteurrena dela eta.
Oiartzuarra pozik eta esker oneko ageri da, baina ez du 1965eko garaipen hura gogoratzen. «Pentsatzen egon naiz eta, egia esan, ez dut gogoratzen. 1965ekoa nire azken urtea izan zen amateur mailan eta Legazpikoa oso lasterketa garrantzitsua da», esan du.
Legazpiko garaipena ez du gogoratzen, baina badu garaipen harekin lotutako pasadizo polit bat. «1990ean Euskal Herriko Itzulia Legazpin bukatu zen. Goizeko etapa Indurainek irabazi zuen eta sailkapen nagusia Gorospek. Ni ETBrentzako esatari lanak egiten ari nintzen eta Legazpiko argazki-denda baten erakusleihoan 1965eko garaipeneko argazki bat ikusi nuen. Ilusio handia egin zidan».
Telleriarteko Txirrindulari Elkartekoen deiak ere asko poztu du. «Euren deia jaso izanak eta egun hori beraiekin igarotzeko aukera edukitzeak asko pozten nau», esan du.
Ez da, ordea, Perurena izango omendu bakarra. Izan ere, lasterketaren antolatzaileek Olaria saria jasoko dute igande goizean. Sari hau herriaren alde lan azpimarragarria egin duen elkarte edo norbanako batek jasotzen du, eta udalak ematen du.
Elkarte honek ondo merezita du saria, eurek antolatzen duten lasterketa eta Olaria saria bezala, Telleriarteko Txirrindulari Elkartea klasiko bat baita. Baina jaietan, klasikoentzat ez ezik, berrikuntzentzat ere badago tokia. Ostiralean, lehenengoz, udalbatza txikia osatuko dute. Mikel Altuna Alkate Txikiari, herriko aginte makila emango diote. Bestalde, eraso sexistak saihesteko protokoloa banatu dute herriko etxeetan.
Legazpiko jaietako egitaraua: Osteguna 19:00. Txupinazoa eta pregoia, plazan. Musika bandarekin eta erraldoiekin eta buruhandiekin. Pregoilariak: Sustraiak taldea. 19:15. Erraldoi eta buruhandien kalejira, bandarekin. 20:00. Legazpiko Bertso Olarien ekitaldia, erdiguneko kaleetan. 20:00. Alaitasuna eta Sacalfi errondailen kontzertua Latxartegi aretoan. 22:00. Bertso Olarien saioa txosnetan. 23:30. Kontzertua, plazan: Los Zopilotes Txirriaos. Ostirala Haurren eta gazteen eguna 09:00. Santikutz txirrindulari klasikaren irteera. 10:00. Legazpiko haurren pilota txapelketako finalak. 10:00. Herrialde mailako bola txapelketa. Izen-ematea: 10:00etatik 11:00etara. 10:30. Herrialde mailako plater tiraketa Urtatzako zelaian. 12:00. Udalbatza txikiaren agurra udaletxeko balkoitik. Ondoren, haurren eta gaztetxoen kalejira, txarangak lagunduta. 13:00. Txirrindulari probaren iritsiera. 13:00. Maiatzaren 1etik 4ra, 13.00etatik 16.00etara, pintxo potea egongo da txosnetan. 14:30. Kuadrillen bazkaria. 17:00. Binakako pilota txapelketa herrikoiaren finalak. 17:30. Haur eta gazte danborrada. Kiroldegian egingo dute. 19:00. Kantu jira, Benta Zaharreko Mutiko Alaiak taldearekin. Gernika plazatik abiatuta. 19:30. Dantzaldia gaztetxoentzat, plazan, D Jai Andonik Mugitzen Zaitu animatzailearekin. Musika DJ Tirapuk jarriko du. 23:30. Dantzaldia D Jai Andonik Mugitzen Zaitu animatzailearekin. Musika DJ Rodriguezek jarriko du. 01:30. D-Pintxos eta Salda Badagoren kontzertua txosnetan. Larunbata 08:00. Xexenak eta poniak Euskal Herria plazan. 09:30. Ganadu feria, artisauak eta talogileak, Latxartegin. 10:00. Bakarkako xake txapelketa suitzar erara, elizako arkupeetan. 10:30. Arkume prestaketa, burruntzi erara, Kale Nagusian. 11:00. Herri mailako bola txapelketa. Izen-ematea: 11:00etatik 11:30era. 11:30. Trikitilarien kalejira. 12:00. Doinua gazte bandaren eta Legazpi musika bandaren kontzertu bateratua, plazan. Garesko gaiteroek eta Sustraiak dantza taldekoek ere parte hartuko dute. 12:30. Sagardo dastaketa, Kale Nagusian. 13:00. Arkume pintxo banaketa, Kale Nagusian. 14:00. Haurren eta familien bazkaria, plazan. 16:00. Sardina freskue ikuskizuna, familientzat, plazan. 16:00. Herri mailako plater tiraketa. 17:30. Xexenak eta poniak, plazan. 19:00. Erraldoi eta buruhandien kalejira, Elutxa txarangarekin. 20.30. Urgatz taldearen kontzertua, txosnetan. 23:00. Herri danborradaren irteera, Laubidetik. 00:00. Herriko bandera jarriko dute eta ereserkia abestu, plazan. 00:30. Zo-Zongó taldearen rock ikuskizuna, plazatik abiatuta. 02:30. DJ Josu Pozo, txosnetan. Igandea Santikutz eguna 09:30. Iruñeko Ezpelur gaitero taldearen goiz deia. 10:30. Mirandaolako gurutzearen prozesioa eta meza. 12:00. Gaiteroen emanaldia, ezpata dantza, Olaria sariaren banaketa, soka dantza, zinta dantza eta larrain dantza. 17:00. Industriaren kirol parkea, haurrentzat, Kale Nagusian. 17:30. Pilota partidak. Jaunarena Artolaren aurka eta Urrutikoetxea eta Barriola, Irribarria eta Albisuren aurka. 19:00. Zaldi erakustaldia Kale Nagusian, Ormazarreta zalditegikoen eskutik. 20:00. Demodé Quartet taldearen EPA! kontzertu-ikuskizuna, plazan. 01:00. Arraio eta Txorroskillo taldeen kontzertua, txosnetan. Astelehena, maiatzak 4 Santikutz Txiki 17:00. Skratx familientzako antzezlana, Kale Nagusian. 18:30. Erraldoien eta buruhandien kalejira, trikitilariekin. 18:30. Musika eskolako konboak, txosnetan. Larunbata, maiatzak 9 12:00. Kapela dantza herrikoia, plazan. 16:30. Goitibera lasterketa, Laubiden. 19:30. Goitibera lasterketaren sari banaketa, helmugan (Santikutz kalean). Igandea, maiatzak 10 Mirandaola eguna 09:00. Txistularien goiz deia. 10:30. Gurutzearen itzulera Mirandaolara. 11:00. Meza, abesbatzaren emanaldiarekin. 11:45. Olagizonei ongi etorria eta ohorezko ezpata dantza. 12:00. Ola martxan jarriko dute. 12:30. Jaiaren hasiera: dantzari txikiak, ikastolako bertsolariak, mirariaren antzezpena eta trikitilariak. 14:00. Herri bazkaria. 16:00. Erromeria, Elustondo anaia-arrebekin. 18:30. Herrira itzultzea.