Duela lau urte «Goierriko udaletxe gehienetara» iritsi zirela eta «politika egiteko modu berri bat» aplikatu dutela diote. Goierriko 15 herritan aurkeztu dituzte hautagaitzak

Goierrin duela 4 urte hasitako «aldaketa politiko eta soziala norabide onean» doa EH Bilduren ustez. Legealdi honetan, «beste era batera gobernatu daitekeela» erakutsi dutela diote, «herritarren interesen alde gobernatuz, eta ez gutxi batzuen pribilegioak mantentzeko». Datorren legealdirako ere «ideia berriekin» datozela azaldu dute, «ondo egindakoa aintzat hartuz, gaizki egindakoak alboratuz eta eskaintza berritua esku artean» dutela.
Maiatzaren 24an, Goierriko 15 herritan aurkeztuko ditu hautagaitzak EH Bilduk. Herri horietako guztietako alkate eta alkateorde izateko hautagaiak elkartu ziren atzo Ordiziako Oianguren parkean. Igor Eguren Ordiziako alkate eta hautagaiak azaldu zuenez, «duela 4 urte, herritarrek emandako babesari esker, EH Bildu Goierriko udaletxe gehienetan gobernatzera iristi zen, eta harrokeriarik gabe esan dezakegu gauzak ondo egin ditugula, datuak hor daude. Hala ere, hobetzeko prest gaude».
Langabeziari egin zioten aurreneko aipamena. Izan ere, arlo horretan Goierri da Gipuzkoan langabezia tasarik txikiena duen eskualdea (%10,8), eta Urola Garaia laugarrena (%12,7). Hori «denen lorpena» dela uste du Egurenek, «enpresariena, erakundeena eta gainontzeko eragile sozio-ekonomikoena», baina batez ere «langileen lorpena» dela azaldu du, «langileak baitira gure ekonomiaren motorra».
«Hurrengo legealdira beira ideia berriekin gatoz, ondo eginkaoa aintzat hartuz,
gaizki eginak alboratuz eta eskaintza berritua eskuartean dugula»
Igor Eguren (Ordiziako alkatea eta hautagaia)
«Lehen minututik, gure udaletxeetako ateak eta leihoak ireki genituen,
herritarrengana hurbilduz eta urtetako politika egiteko erak irauliz»
Oihane Zabaleta (Urretxuko alkatea eta hautagaia)
Ez dute, ordea, datu soiletan gelditu nahi; «EH Bilduren lehentasuna krisiaren ondorioei aurre egitea» izan dela dio Egurenek eta «nahiz eta ekonomikoki larrialdi egoera batean gobernatu, Goierri murrizketarik gabeko eskualdea» dela gaur egun.
Oihane Zabaleta Urretxuko alkate eta hautagaiak azaldu zuenez, «krisiak ez du aterabiderik bestelako eredu bat sortzeko gai ez bagara». Horregatik, «krisiaren atzean dauden arrazoiei» heldu dietela azaldu du. Agintaldi honetan, «gure ehun ekonomiko eta produktiboa eraldatzeko lehen pausoak» eman dituztela azaldu du. Batetik, Goiekik eta Ugassak bailarako enpresa ehuna sortzeko, enpresa txikiak egonkortzeko eta berriak sortzeko egindako lana azpimarratu zuen. Bestetik, arlo soziosanitarioan egindako apustua aipatu zuen. Baita elikadura burujabetzaren alorrean, baserritarren produktuak bertako komertzietan saldu eta herritarrek kontsumitzeko egindako ahalegina ere.
Egurenek, «agortuta dagoen eredu ekonomiko honen beste ezaugarrietako bat, ingurugiroari eragindako kaltea» dela azaldu du, Oiangu bera edota AHTren lanak adibide moduan jarrita.
Politika egiteko era berriak

Lau urteotan, EH Bilduk «politika egiteko formetan ere gauzak beste era batera egin daitezkeela» demostratu duela diote. Zabaletaren arabera, «gure udaletxeetako ateak eta leihoak ireki genituen, herritarrengana hurbilduz, urteetako politika egiteko erak irauliz». Hala, EH Bilduren eredua «herritarrekin batera gobernatzea» dela dio, «kalera ateratzea, herritarrei entzutea eta gero denen artean erabakitzea». Azken urteetan egindako parte-hartze prozesuak (Oiangu, Irimo, Errekarte…) eta herri kontsultak (Lazkao eta Segura) jarri zituen adibide moduan.
Bukatzeko, EH Bilduren helburua «Goierri egun baino solidarioagoa, justuagoa eta euskaldunagoa» bihurtzea dela azaldu du Egurenek, eta horretarako, «bosgarren martxa, kinta sartuta» datozela, beste alderdi batzuk, «martxa atrasa» sartu eta «politika eredu zaharretara» bueltatu nahi duten bitartean.