Haizeak zapuztu du festa Larraitzen
Bertan behera utzi behar izan dituzte ekitaldi gehienak.
Haize zakarra eta euria zela-eta posturik ere jartzerik ez da izan gaur goizean Larraitzen. Urtero maiatzaren lehen egunarekin egiten duten gisan, Aralarko larreak irekitzeko festa eguna zen gaurkoa. Ostatuetako aterpean babestu dira bertara goizpasara gerturatu direnak. Atsekabez, baina eguraldiak hala aginduta, goizeko ekitaldi gehienak bertan behera utzi dituzte. “Antolatzeak duen lanarekin pena ematen du ekitaldiak ezin egin ahal izatea”, azaldu dio Goierriko Hitzari Joxe Antonio Irastorza basozainak.
Eguerdiko hamabietako ekitaldia izan da egitarautik “erreskatatu” ahal izan duten bakarrenetakoa. Suziria bota eta ganadua Aralarko larretara bidean jarri dute, gisa horretan larren irekiera irudikatuz. Aurten 17.000 ardi eta 720 behor eramango dituzte, aurreko urteetan baino gutxiago. Behiak, berriz, gehiago izango dira, 860 buru.
Omanaldia morroiei Eguraldiak “behar bezalako” ekitaldirik egiteko aukerarik utzi ez duen arren, antolatzaileek bete dute hasieratik zuten asmoetako bat. Hain justu ere, suziriaren jaurtitzea Manuel Labakaren esku utzi dute. Gisa horretan artzaintza eta baserri munduan hamarkadatan morroi bizi izan direnak omendu nahi izan dituzte. Labaka bera hamarkada luzez izan zen zerbitzari; Beizaman jaioa da eta Zaldibian bizi da gaur egun. “Labakak bota du suziria eta era horretan morroi guztiak omendu nahi izan dugu. Artzantzan eta baserrietako lanean ezinbestekoak izan dira eta askotan ezkutuan gelditu izan diren, euren lanaren errekonozimendurik gabe. Gaurkoa morroiei omenaldia izan da; morroi esango dugu, horixe izan dira eta”, zioen Irastorzak.Larraitzen giroa baretu ez den arren, jende asko izan da bertara gerturatu dena goizean zehar bai Goierritik eta baita Tolosaldetik ere. “Behean, Zaldibian nahiz Alegi inguruan ez zegoen horren eguraldi txarrik, beraz jendea etorri egin da”, zioen basozainak. Goizekoa bertan behera gelditu den arren, arratsaldeko erromeria mantentzea erabaki dute. Egunari amaiera emateko, beraz, Jesus Mujika eta Josu Puldain bikotea arduratuko da festa giroa jartzeaz.