Manifestazioa egin du sindikatuak eguerdian Beasainen; "larrialdi egoeraren aurrean" ez direla besoak gurutzatuta geldituko diote
![Beasaingo plazan eman diote amaiera manifestazioari. / Janire Arrondo](http://goierri.hitza.eus/site/files/2015/05/IMG_26121.jpg)
Beasaingo plazan eman diote amaiera manifestazioari. / Janire Arrondo
Maiatzaren Lehenarekin, LAB sindikatuak deituriko manifestazioarekin bat egin dute Beasainen ehunka goierritarrek. Lanpostuen defentsan lantokietan eta kalean egindako lana goraipatu dute; lan eskubideen alde, enpleguaren alde, murrizketen kontra eta alternatiben eraikuntzan.
Egoera “lazgarriari” buelta emateko bi erronka nagusi finkatu ditu LABek: Euskal Herria egituratu eta modu planifikatuak bideratzea, batetik; eta Frantziar zein Espainiar estatuekiko menpekotasunarekin amaitzea, bestetik. “Burujabetza langileon defentsa lerroa da, gaur inoiz baino beharrezkoagoa. Beraz, euskal sindikatuok dugun erronka nagusiena da burujabetza prozesua aurrera ateratzea”, azaldu du Usua Lasa LABeko kideak.
Sindikatuak hainbat hainbat konpromiso hartuak dituztela jakinarazi du jendaurrean. Lehentasuna prekarietatearen eta probreziaren aurka borrokatzea dutela azaldu dute. 35 orduko lan asteak; 1.200 euroko gutxieneko soldata; prestazio duinak, zerbitzu publiko unibertsalak eta etxebizitza duina dira lan ildo nagusiak. Bazterketen kontrako borroka ere iragarri dute; eta emakumeak dagozkien eskubideen jabe izan daitezen politika zehatzak ere bai. Laburbilduz, lan eredu berri bat da aldarrikatu dutena, “bizitzeko lan egitekoa eta ez alderantziz”.
Bide beretik, gizarte eraldakeren beharra, alternatiba sozioekonomikoen premia eta EH Bilduk mahai gainean jarri duen Euskal Bidea “edukiz betetzea” nabarmendu dute Sortu eta Ernaiko ordezkariak ere manifestazio amaierako ekitaldian.
LABek, 40 urte
Aurtengo Maiatzaren Lehenean atzera begiratu eta LABen lau hamarkadetako ibilbideari errepasoa emateko aprobetxatu dute. “Gure ibilbide historikoa da gure aktiborik garrantzitsuena gaurko egoerari aurre egiteko”, zioen Usua Lasak. Eskarmentua nahikoa ez eta “indarra” behar dutela aldarrikatu dute; “garaipenak lortzeko bide egokiak bilatzen jakin beharra daukagu, erasoen aurrean benetako harresiak eraikitzeko eraginkorrak izaten jakin beharra daukagu”.
Sindikatu gisa urrats berriak eman eta etapa berria irekitzeko unea dela nabarmendu dute. Eredu sindikala birpentsatuz etorkizunera begiratzeko momentua dela azaldu dute; testuinguru horretan kokatu dute LABek azken hilabeteotan martxan jarri duen hausnarketa prozesua.
![Lasa LABeko kidea. / Janire Arrondo](http://goierri.hitza.eus/site/files/2015/05/IMG_2609.jpg)
Lasa LABeko kidea. / Janire Arrondo