Artisau lanak Igartzako errotan
Goiz erdian ateak ireki dituztenetik, herritar ugari gerturatu da Bertako Market azokara Beasainen. Artista, diseinatzaile eta sortzaileak bildu ditu Kimmu taldeak bertan. Giro polita sortu da Igartzan, errotak eskaintzen duen ez-ohiko eszenatokiak ukitu berezia jarri diolako artisauen azokari.
Mondragon Unibertsitateko Lidergo, Ekintzaile eta Berrikuntza graduko ikasle talde batek sortutako egitasmoa da Bertako Market. Kimmu enpresa sortu dute beraien proiektuak aurrera eramateko. Azokaz gain, gastronomia eta musika inguruko proiektuak ere ari dira bideratzen.
Goierritarrez gain, Gipuzkoa nahiz Euskal Herriko hainbat txokotatik iritsitako artistak elkartu dira bertan euren lana erakutsi eta saltzeko. Arratsaldean, 17:00etatik 20:00etara irekita egongo da azoka.