Hiru jardunaldiren faltan bosgarren tokian dago sailkatuta, laugarren doan Durango taldearekin berdinduta. Gaur, 18:00etan, jokatuko du Arenasen aurka Loinatz zelaian

Pasa den larunbatean Gernikaren aurka jokatu zuen hasierako hamaikakoa.
Beasain futbol taldea Hirugarren mailan denboraldi bikaina ari da burutzen. Denboraldia bukatzeko hiru jardunaldi falta direnean, bosgarren postuan daude beasaindarrak, laugarren postuan dagoen Durangorekin berdinduta, 58 punturekin. Lehenengo lau taldeek izango dute 2.B mailara igotzeko igoera fasea jokatzeko aukera. Borroka horretan, Getxoko Arenas taldearen jokatuko dute gaur, 18:00etan, Loinatz futbol zelaian. Bigarren postuan dira bizkaitarrak. Hurrengo partidua Donostian jokatuko dute Berioren aurka eta azkenekoa, Loinatzen, Zamudioren aurka.
Luis Garmendia BKEeko zuzendaritzako kideak azaldu duenez, «denboraldi hasieran maila mantentzea eta denboraldia lasai pasatzea zen eta orain igoera fasea eskura daukagu. Gure helburua, ez da 2.B mailara igotzea, baina opari bat litzateke play off-etan sartzea». Partidu zailak dituzte, «talde indartsuen aurka jokatu behar dugu baina hor goian egotea merezi dugula erakutsi behar dugu».
Talde indartsuen aurka
Hirugarrena maila zaila dela dio: «Talde indartsu asko daude. Herri handiak dira. Portugalete, Santurtzi, Getxo, a… 80.000 biztanleko herrien aurka ari gara borrokan. Harrotasun puntu bat ematen digu, Bizkaiko herri handi horiei kilimak egiten ari garelako». Aurten gainera, «herriko jende gehiago sartzea lortu dugu taldean. Lau jokalari asko eta ondo jokatzen ari dira; lehenengo eta bigarren entrenatzaileak beasaindarrak dira. Eta punta-puntan ibiltzea lortu dugu. Gustura gaude, ilusioarekin».
Harrobiko lana emaitzak ematen ari da Garmendiaren ustez. «Bigarren talde bat sortu genuen, preferente mailakoa. Jubenil mailatik 3. mailara alde handia dago eta preferenteko taldea jokalariak formatzeko talde egokia da. Behetik lana ondo eginda, ahal den gorena egotea da helburua».
Igoera fasea Espainiar estatuko taldeen aurka jokatuko lukete. «Duela bizpahiru urte, adibidez, Levante B-ren aurka jokatu genuen. Aukera polita izango da Beasainen izena zabaltzeko», dio Garmendiak.
Zaleen laguntza eskatu du Beasain Kirol Elkarteak
Igoera fasearen erronka lortzeko zaleen laguntza eskatu dute Beasain Kirol Elkarteko zuzendaritza taldetik: «Zelaia bete behar dugu. Partidu oso garrantzitsua izango da eta guzti hau gutxi balitz, Getxotik bidaia antolatu dute hango jarraitzaileek Beasaina». Gaurko partidua Beasain Kirol Elkarteak taldeari laguntzeko eguna izendatu du. Beraz, bazkideek ere ordaindu egin beharko dute sarrera; 5 euro. Gainerako sarreren prezioak ondorengoak dira: orokorra 12 euro eta jubilatuena 9 euro.