
Jaietan murgilduta dabiltza Legazpin. Ostegun iluntzean festen hasiera iragarri zuen txupinazoa bota ondorenetik, musika eta jai giroak hartu ditu herriko bazter guztiak. Batzuk ostiralari amaiera emateko eta beste batzuk larunbata hasteko, bigantxak eta poniak egon dira goizean Euskal Herria plazan. Zortzigarrenez, ganadu feria ere egin da Latxartegin goizean zehar.
Santikutz egunaren bezpera dute gaurkoa Legazpin. Egunari esnatzea kosta bazaio ere, eguerdirako festa giroa nabaria zen. Elizako arkupeetan hitzordua zuten xake zaleek. Arkumeak burruntzian erretzen ari ziren handik gertu, Kale Nagusian, eguerdian pintxotan banatzeko.
Doinua Gazte Bandak eta Legazpi Musika Bandak kontzertua eskini dute elkarrekin eguerdian Euskal Herria Plazan. Sustraiakeko dantzariek ere hartu dute parte emanaldian, 40. urteurrena ospatzen ari direla-eta. Danborradan ere parte hartuko dute eta bihar, urtero bezala, ezpata dantza egingo dute. Egitarauaren erdia bete duten arren, oraindik festa egun ugari dituzte aurretik legazpiarrek.
Gaur, larunbata.
14:00. Haurren eta familien bazkaria, plazan.
16:00. Sardina freskue ikuskizuna, familientzat, plazan.
16:00. Herri mailako plater tiraketa.
17:30. Xexenak eta poniak, plazan.
19:00. Erraldoi eta buruhandien kalejira, Elutxa txarangarekin.
20.30. Urgatz taldearen kontzertua, txosnetan.
23:00. Herri danborradaren irteera, Laubidetik.
00:00. Herriko bandera jarriko dute eta ereserkia abestu, plazan.
00:30. Zo-Zongó taldearen rock ikuskizuna, plazatik abiatuta.
02:30. DJ Josu Pozo, txosnetan.
Bihar, igandea. Santikutz Eguna
9:30. Iruñeko Ezpelur gaitero taldearen goiz deia.
10:30. Mirandaolako gurutzearen prozesioa eta meza.
12:00. Gaiteroen emanaldia, ezpata dantza, Olaria sariaren banaketa, soka dantza, zinta dantza eta larrain dantza.
17:00. Industriaren kirol parkea, haurrentzat, Kale Nagusian.
17:30. Pilota partidak. Jaunarena Artolaren aurka eta Urrutikoetxea eta Barriola, Irribarria eta Albisuren aurka.
19:00. Zaldi erakustaldia Kale Nagusian, Ormazarreta zalditegikoen eskutik.
20:00. Demodé Quartet taldearen EPA! kontzertu-ikuskizuna, plazan.
01:00. Arraio eta Txorroskillo taldeen kontzertua, txosnetan.
Astelehena, maiatzak 4. Santikutz txiki
17:00. Skratx familientzako antzezlana, Kale Nagusian.
18:30. Erraldoien eta buruhandien kalejira, trikitilariekin.
18:30. Musika eskolako konboak, txosnetan.
Larunbata, maiatzak 9
12:00. Kapela dantza herrikoia, plazan.
16:30. Goitibera lasterketa,
Laubiden.
19:30. Goitibera lasterketaren sari banaketa, helmugan (Santikutz kalean).
Igandea, maiatzak 10. Mirandaola Eguna
09:00. Txistularien goiz deia.
10:30. Gurutzearen itzulera Mirandaolara.
11:00. Meza, abesbatzaren emanaldiarekin.
11:45. Olagizonei ongi etorria eta ohorezko ezpata dantza.
12:00. Ola martxan jarriko dute.
12:30. Jaiaren hasiera: dantzari txikiak, ikastolako bertsolariak, mirariaren antzezpena eta trikitilariak.
14:00. Herri bazkaria.
16:00. Erromeria, Elustondo anaia-arrebekin.
18:30. Herrira itzultzea.