Almitza, Europari tiraka
Segalaritzako denboraldia maiatzean hasiko da. Almitza elkarteak bakarkako Euskal Herriko ligaxka antolatuko du. Aurten, ordea, Europako Txapelketa izango du buruan, 12 urteren ondoren ...
Segalaritzako denboraldia maiatzean hasiko da. Almitza elkarteak bakarkako Euskal Herriko ligaxka antolatuko du. Aurten, ordea, Europako Txapelketa izango du buruan, 12 urteren ondoren Euskal Herrian jokatuko delako.
Egoitza Goierrin duen Almitza sega elkarteak urte berezia du 2015a. Europako Sega Txapelketa antolatzearen ardura izango du, Euskal Herrian jokatuko baita, hamabi urteren buruan, Azpeitian. Abuztuaren 28tik 30era izango da lehiaketa eta ospakizun hori. Aurretik ere badu zeregina. Maiatzean, Euskal Herriko VII. Bakarkako Sega Ligaxkari ekingo dio.
Arreta eta burua, ordea, Europakoan jarrita izango dute, batik bat. Historia eta zabalkunde handiko lehiaketa da. 1969an egin zuten lehenengo aldiz, Bayergo eta Tirolgo segalarien artean. Pixkanaka, Alpeetako beste nazio batzuetara zabaldu zen, eta hala Alpeetako Herrialdeetako Sega Txapelketa bihurtu zen.
Euskal ligaxkatik 15 segalari sailkatuko dira Europako Txapelketan, Azpeitian, Euskal Herria ordezkatzeko
Euskal Herria 1996an batu zen lehiaketa hartara, eta europartasun oraindik gehiago hartu zuen urtean behingo hitzorduak. Almitza sega elkartea, ernemuina Zaldibian eta Goierrin duena, izan zen Euskal Herriaren izena Europako Txapelketara —2005ean hartu zuen izen hori— eraman zuena.
Seguran izana
Artean Europako Txapelketa izendapenik ofizialki ez zeukan arren, Europako nazioen arteko sega lehiaketa lehen ere izana da Euskal Herrian. Goierrin, zehatzago. 2003an Seguran antolatu zuen Almitzak. Madurako zelaietan lehiatu ziren segalariak.
Gaur egun, zazpi naziotako segalariek parte hartzen dute: Suitza, Alemania, Austria, Hego Tirol, Eslovenia, Eslovakia eta Euskal Herria ordezkatzen dituzte, beren ikur, ereserki eta jantzi tradizionalekin.
Frantziak ere inoiz parte hartu izan du, baina azkenaldian ez. «Dena den, txapelketa honetan parte hartzeko aukera irekita dago herrialde gehiagorentzat ere», dio Almitzak.
Ligaxka, maiatzean
Segakera, berriz, nazioarteko modalitatekoa egiten dute. Gizonezkoek area bat (10×10 metro) eta emakumezkoek nahiz gazteek 35 metro koadro (7×5) ebaki behar izaten dituzte. Ahalik eta azkarren, baina baita egoki eta txukun ere: zabar aritzea zigortu egiten dute.
Almitzak antolatutako Euskal Herriko VII. Bakarkako Sega Ligaxkak hiru jardunaldi izango ditu, aurten ere: Loiolako santutegian (Azpeitia), maiatzaren 17an, 12:00etan; Basaburuan (Nafarroa), maiatzaren 30ean, 17:00etan; eta Iurramendiko belardian (Tolosa), ekainaren 20an, 17:00etan.
Guztizko denbora hartuko dute aintzat. Goierriko segalari asko lehiatuko dira.
Izena maiatzaren 10erako eman behar da. Ligaxkatik hamabost segalari (10 gizonezko eta 5 emakumezko) sailkatuko dira, Euskal Herriaren izenean Europako Txapelketan lehiatzeko. Aurten, Euskal Herrian.