Hauteskundeetan izango ez den arren, laguntzeko prest dago Orbel
2007an ekin zion bere bideari Ormaiztegiko Bizilagunak Elkarlanean taldeak. Ez dute uste gaur egun udalean tokirik dutenik, beraz ez dira hauteskundeetara aurkeztukoDatozen udal hauteskundeak gerturatzen ari diren eran, bere etorkizunaren berri emateko...
2007an ekin zion bere bideari Ormaiztegiko Bizilagunak Elkarlanean taldeak. Ez dute uste gaur egun udalean tokirik dutenik, beraz ez dira hauteskundeetara aurkeztuko
Datozen udal hauteskundeak gerturatzen ari diren eran, bere etorkizunaren berri emateko idatzia kaleratu du Ormaiztegiko Orbel taldeak. Zortzi urtez udalean egindako lanari errepasoa ematearekin batera, aurtengo hauteskundeetan zergatik ez diren aurkeztuko azaltzen dute. Hain justu ere, 2007tik egoera asko aldatu dela sinetsita, udalean jarraitzeak zentzua galdu duela uste dute.2007an sortu zen Ormaiztegiko Bizilagunak Elkartea; «kalean entzuten ziren kexei irtenbidea» emateko aukera gisa planteatu zuten. Ezker abertzaleko hautetsien babesarekin, Jon Intxausti izendatu zuten alkate. 2011n ere aurkeztu ziren hauteskundeetara. Azken honetan 210 boto lortu zituzten, eta hiru hautetsi. «Herritarrek emandako mandatuari erantzun nahirik, zorti urtez genuen guztia eman dugu, beti ere, ilusio handiz, lanean gogor jardun gara eta izugarri ikasi dugu», diote idatzian. Bide horretan, erabaki zailak ere hartu behar izan dituztela diote. Hala ere, erabaki guztiak «herritik haratagoko politika handia» alde batera utziz hartu dituztela diote. «Herria eta herriko gaiak izan dira gure eragin bakarrak».
Hiru helburu nagusi
Hasierako helburua «herrian zegoen egoera politiko eta sozial gatazkatsuari» irtenbidea ematea zela diote. Horrez gain, beste hainbat kezka ere izan zituzten, herri mailan zegoen parte hartze ohitura eskasa eta hirigintzan zeuden makroproiektuak. Azken zortzi urteetan herriko giro politikoak onera egin duela uste dute; «gaur egungo giroak ez du zerikusirik 2007 eta aurreko urteetan bizi zen krispazioarekin», diote. Egiteko horretan Orbelek parte aktibo garrantzitsua izan dela uste du. Herriko dinamismoari eta parte hartzeari dagokionez ere, egoerak hobera egin duela uste dute.
Izan dira lortu gabeko helburuak ere. «Hirigintzak Uherkalderako zegoen makroproiektua gelditzea lortu bagenuen ere, etxebizitza eskaintza berri bat lortzeak uste eta nahi baino denbora gehiago eman zigun. Gure eskuetan zegoen guztia egin arren, ez dugu lortu udaleko proiektu garrantzitsuenetako bat zena amaituta ikustea», diote. Urte hauetan etxebizitzarik egin ez eta gazteek herritik kanpora joan behar izan dutelako barkamena eskatu dute.
Gatazkatsua izan zen atez ateko hondakin bilketaren gaia ere, baina eztabaida gaindituta dagoela uste dute. Taldea deseginda udaletik jasotako 6.604 euroko diru soberakina itzuli egin dute berriro. Orbel talde gisa udalean izango ez den arren, «edozertan esku bat botatzeko prest» agertu dira.













