Nepalgo lurrikararen kaltetuei laguntzeko eskatu diete goierritarrei
Goierrin bizi diren Nepalgo jatorridun hainbat bizilagunek eta Ordiziako Udalak laguntza eskatu dute. Apirilaren 25ean Nepal astindu zuen lurrikara hondamendia izan da, 7.500dik gora hildako eta 14.400dik gora zauritu zenbatu dituzte jada. “Ezohiko hondamendi beldurgarria” izan dela aitortu dute nepaldar-goierritarrek, gaur, Ordizian.
Laguntza eskatu diete Goierriko bizilagunei. Batetik, ekonomikoa. Dirua sartzeko bi kontu korronte zabaldu dituzte. Bestetik, laguntza “morala” ere bai. Kalean eman daitekeen babesaz gain, Nepalgo Gobernuari laguntza banaketaren gaian presioa sartzeko eskatu dute. Katmandu hiriburura eta hiri handietara laguntza eta dirua iritsi dela, baina oraindik nepaldarrak hiltzen ari direla salatu dute.
Ordiziako Udalbatzan ordezkaritza duten hiru alderdiek —Bildu, EAJ eta PSE— babestu dute ekimena. Haien ordezkariak agertu dira nepaldarrekin batera, baita Pedro Garcia mendigoizale ordiziarra ere. Nepalen askotan izana da, Himalayako espedizioetara joana.
Azkenik, kooperatzaile edo boluntario gisa Nepalera joateko gonbita ere egin dute.
Bi kontu korronte hauetan eman liteke laguntza ekonomikoa (Hego Herriak elkartearenak dira):
- Kutxabank. (ES26) 2095 5073 0091 1495 5885.
- Laboralkutxa. (ES80) 3035 0054 5705 4006 9019.