Agirre, Torres, Rios, Zurutuza eta Zabalo karte lehiaketako sari banaketan
Aitor Torres tolosarrak egindako kartelak irabazi du Beasaingo Loinatz jaietako egitaraua egiteko lehiaketa. Beasainen ezaugarri den trena hartu du oinarri kartela egiteko, eta kolorez bete du, festa egunak nabarmentzeko. “Beasaingo trena erreferentzia ona da, sinbolo bat da, eta horregatik aukeratu nuen irudi hori. Kolorea ere eman nahi nion, eta hala osatu dut kartela”.
Beasainek hiribildu titulua eskuratu zueneko 400.urteurrena da aurten, eta festetan leku berezia izango du urteurrenak. Horregatik, kartelean ere derrigor agertu behar zen aurten urteurrenari erreferentzia. Trenaren irudiarekin eta testutxo batekin egin du hori Torresek.
Guztira 74 lan aurkeztu dituzte aurten, eta horietatik bost aukeratu zituen epaimahaiak. Bost horien artean gustukoena herritarrek aukeratu dute, eta Koldo Agirre alkateak emandako datuen arabera, 159 boto jaso zituen Torresek (bigarrenak 81). Guztira aurtengo lehiaketan 346 boto jaso dituzte, Internet bidez edo udaletxean.
Zabalo eta Rios umeen mailan
Umeen mailan festen unibertsoa jasotzen duen kartela izan da aukeratua. Murumendi ikastetxeko Idoia Zabalo eta Irati Rios izan dira kartelaren egileak, eta biak elkarlanean aritu dira kartela egiten, bi neskek esan dutenez. Festen barruan Beasainen antolatzen diren ekitaldi nagusiak kokatu dituzte unibertso horretan, eta beheko aldean, ezkerrean, bare bat margotu dute, teleskopioarekin unibertso horri begira.
Egitaraua osatu dute
Festetarako kartel sarituak
Koldo Agirre alkateak eta Garbiñe Zurutuza Kultura zinegotziak azaldu dutenez, herritarrekin batera egindako egitaraua osatu dute aurtengo jaietarako. Aurreko urteetako festen balorazioa izan dute kontuan, eta herritarrek egindako proposamenak txertatu dituzte.
400.urteurrenak leku berezia izango du, eta ekitaldietako asko urteurrenarekin lotuta egongo dira. Musikari dagokionean ohiko eskenatokiei beste bat gehituko diete aurten, Gernika pasealekuko pilotalekua. Gaztetxoei zuzenduta egongo da gune hori. Horretaz gain, txosna guneko Bideluze plaza ere musikaren kokaleku izango da. Bertan emango dute kontzertua, besteak beste, En Tol Sarmiento eta Kaotiko taldeek. Herriko eta musika eskolako taldeek ere leku berezia dute aurten egitarauan, eta bi ostiraletan kontzertuak egingo dituzte.