Itziar de la Granjak margotutako irudia
Zegaman, zinema zaharra zegoen lekuaren pare parean, zuri beltzean margotutako mural handi batek atentzioa deitzen du azken egunetan. San Adrian kobako atea eta ermita ikusten dira margolanean, eta testu bat ere badu idatzia: Zegama, 400 urte baino gehiago.
Itziar De la Granjak margotu du murala, Donostian jaio baina Zegaman bizi den artistak. «Angel Irigorasek eskatu zidan margolan bat egiteko, herriaren urteurrenagatik», adierazi du De la Granjak. Lokalaren jabeari baimena eskatu, eta hala ekin zion margotzeari. Ordu libreetan margotu du, argazkietan oinarrituta, eta «lan erraza» izan dela adieazi du. Irudi «esanguratsua» Marrazkiak badu bere esanahia.
Batetik, Zegamako bizilagunak orain dela 400 urte baino gehiago bertan bizi zirela uste da, San Adriango koban. Horregatik idatzi dute esaldi hori muralean. Bestetik, San Adriango kobaren irudia berehala Zegamarekin lotzen dela uste du De la Granjak. «Oso irudi esanguratsua da». Albotik pasatzen den jendeari atentzioa deitzen dio irudiak. Bista bistan dago, gainera, herriaren sarreran. Zegamako artista gustura agertu da jendearen harrerarekin eta jaso dituen iritziekin. «Batzuk zoriontzera ere etorri zaizkit, eta hori pozgarria da».
Urteurrenari lotuta Beste hainbat ekintza ere egin dituzte Zegaman 400. urteurrenari lotuta. Angel Irigoras herriko historialariak, esaterako, Zegamaren historiari buruzko liburua argitaratu du aurten. De la Granjak azaldu duenez, herriko artisten eta jendearen artean egitasmo ezberdinak aurrera eramatea da asmoa, denek bat eginda eta bakoitzak ahal duen zatitxoa jarrita. Maria Luisa Gorrotxategi zegamar artistak, esaterako, San Adriango kobaren beste margolan bat egin du, eta irudi horrekin egutegiak egin dituzte. Aurrerago, berriz, 400. urteurrenari lotutako kamisetak ere egin nahi dituzte.