Larunbatean Bidezko Merkataritzaren Nazioarteko Eguna da. Produktu desberdinak dastatzeko eta erosteko aukera izango da, bidezko merkataritza ezagutarazi nahi dute

Legazpi.
Maiatzaren 9a, Bidezko Merkataritzaren Nazioarteko Eguna izaten da; bidezko merkataritza ezagutzera emateko eguna. Elkartasunean oinarritutako merkataritza sistema da bidezko merkataritza. Baliabide gutxien dituzten ekoizleei merkaturako sarbidea irekitzea eta nazioarteko merkataritzaren arau bidegabeak aldatzen ahalegintzea da bere helburua.
Legazpin bihar ospatuko dute Bidezko Merkataritzaren Eguna, Euskal Herria plazan Bidezko Merkataritzako Talde Eragileak sustatuta, eta herriko eragileen laguntzaz. Garaguneko kideek, adibidez, erakusmahaia jarriko dute, eta bertan produktu desberdinak dastatzeko eta erosteko aukera izango da.
Bidezko merkataritzako produktuak saltzen dituzten herriko saltokietan, berriz, kartelak eta puxika laranjak eta gorri ilunak (Bidezko Hirien logoaren koloreak) jarriko dituzte. Eranskailu bereziak ere jarriko dituzte jendeak bidezko merkataritzako produktuak non saltzen dituzten jakiteko. Gazte Txokoak eta ikastetxeek ere bat egingo dute bidezko merkataritzaren aldeko aldarriarekin, beraiek ere puxikak eta kartelak jarriz.
Azkenik, Kaleko Tabernarien Elkarteko tabernetan bidezko merkataritzako gailetak emango dizkie kafea edo infusioa hartzen duten bezeroei.
Beasainen lehenengo aldiz
Legazpin urte batzuk daramate bidezko merkataritzaren nazioarteko eguna ospatzen, bainaBeasainen, lehenengo aldiz egingo du aurten Herriak Elkarlanean gobernuz kanpoko erakundeak . Larunbatean egingo dute 11:00etatik aurrera, Zubimuzu plazan (euria egiten badu plaza azpian). Herriak Elkarlanean elkarteak Kale Nagusian zuen denda itxi egin dute eta bidezko merkataritzako produktuak erosteko aukera eman nahi diete besaindarrei. Kafea, txokolatea, bizkotxoa dastatzeko emango dute antolatzaileak. Bidezko merkataritzari buruzko informazioa ere banatuko dute Herriak Elkarlanean elkartekoek.

Beasaingo Herriak Elkalarneako kidea.
Leire Plazaola Herriak Elkarlanean
«Bidezko merkataritzak ekoizleen duintasuna bermatzen du»
Zer da bidezko merkataritza?
Izenak dioen bezala, bidezkoagoa den merkataritza da. Bitartekariak ahal den neurrian alde batera uzten dituena eta ekoizleei soldata duina bermatzen diena. Gainera, giza eskubideak errespetatzen ditu: haurren esplotazioa ekiditen du, emakumeen eta gizonezkoen aldeko berdintasunaren alde dago, ingurumena errespetatzen dute… Epe luzerako merkataritza harremana baimentzen da, ekoizpenaren zati bat aurrez finantzatzen da.
Kasu askotan kooperatibak sortzen dituzte.
Bai, kasu batzuetan gainera, emakumeek osatutakoak dira. Nikaraguan, adibidez, mermeladak egiten dituzten kooperatiba bat sortu dute emakumeek.
Zein herrialderekin aritzen zarete lanean?
Etiopia, Ekuador, Nikaragua, Haiti… Hego Amerikakoak dira gehienak.
Ze produktu mota saltzen duzue?
Denetik: mermeladak, arroza, pasta, eztia, bizkotxoak, kremak… Estimaziorik handienak kafeak, txokolateak eta azukreak izaten du. Oso kalitate oneko produktuak dira. Behin probatzen duenak errepikatu egiten du. Larunbatean dastatzeko eta erosteko aukera izango da. Askotan produktuen prezioak atzera botatzen ditu herritarrak, baina garapen bidean dauden herrialdeak laguntzeko beste bide bat da. Familia bakoitzeko eguneroko saskian horrelako produktu bat sartuko bagenu, asko aurreratuko genuke.