Udaberria Martxan egitarauko asteburu nagusia izango da datorren hau. Bihar gauerako kontzertuak antolatu dituzte. Larunbatean, berriz, artisau motako euskal garagardoen azoka izango da.
Ordiziako elkarteen eta eragileen arteko elkarlana bultzatu eta udaberri garaiari martxa pixka bat emateko asmoarekin sortu zuten Udaberrian Martxan egitasmoa. Iazko lehen edizioak izan zuen harrera ona ikusita, aurten ere buru-belarri aritu dira bertako taldeak, herriko kultur eskaintza piztu nahian. Egitasmo horretako ekitaldi nagusiak, asteburu honetan egingo dituzte. Izan ere, kontzertuak, garagardo azoka eta kirol txapelketak izango dituzte egunotan.
Udaberrian Martxan egitasmoko eragile nagusietako bat da Emaneurre taldea. Iaz antolatu zuten Goierriko 7 Orduak ekitaldiaren ondoren, beste proposamen batekin datoz aurten. Euskal Herriko Artisau Garagardoen Azoka egingo dute. Ekitaldi horren eta orain arteko ibilbidearen berri eman zuten atzo Arkaitz Iztueta eta Xabi Mendizabal elkarteko kideek Segura Irratian, Goierriko Hitzarekin elkarlanean antolatutako Bixi-Bixi irratsaioan.
Emaneurre taldeko Arkaitz Iztueta eta Xabi Mendizabal. / Arkaitz Apalategi
Emaneurre taldea 2008an sortu zela azaldu du Mendizabalek; “hasieran Realaren peña moduan sortu zen, baina denborarekin garapen bat izan du, eta zabalagoa da orain”. Iztuetak, “Ordiziako talde eragile bat gehiago” direla dio, “batez ere kirol arloan mugitzen dena”. Lehen urteetan, beraien kontura zenbait ekitaldi antolatzen hasi baziren ere, “500 plazen ekintza izan zen lehen mugarria”. Ordiziako azokaren 500. urtemugaren harira antolatu zuten, plazari 500 itzuli emanez. Hasieran “gazte jendea mugitzen genuen batez ere, baina ez ginen publiko helduago batera iristen. Horrekin adin guztietako jendearen artean ezagutzera emateaz gain, udalarekin ere beste elkarlan mota batean hasi ginen”.
Goierriko 7 Orduak
Ekitaldi harekin hasitako bidean, Goierriko 7 Orduak egitasmoa izan zen hurrengo pauso handia. Taldearen “maixu lana” izan zela diote; ”desgaste handia izan zen guretzat, baina satisfakzioa ere izugarria izan zen”. Halako ekitaldi erraldoi bat antolatzeak duen lana ikusita, aurten ez egitea erabaki zuten. Iztuetaren hitzetan, ”aurten ere zerbait egitea proposatu ziguten eta burutik pasa zitzaigun 7 orduena, baina urtero egitea gehiegizkoa iruditu zitzaigun, bai lan eta bai diru aldetik. Oraindik ez dugu erabaki, baina agian bi urtez behin egingo dugu». Uste berekoa da Mendizabal ere: ”Lan karga handia du eta ez da hilabetean egiten den zerbait, gauza asko lotu behar dira, ekitaldi asko daude, eta gaizki egin baino nahiago dugu ez egin”.
Elkarlanean antolatuta
Udaberrian Martxan egitasmoaren filosofiari eutsiz, elkarlanean antolatu dituzte asteburu honetako ekitaldiak ere. “Iaz bezala asteburu oso bat egin nahi zen, eta nik uste lortu dela”, azaldu du Iztuetak; “Ordiziarrock eta Emanaurreren arteko elkarlanean antolatu dugu, haiek kontzertuak eta guk garagardo azoka”. Mendizabalek, berriz, “bi elkarteak ia anaiak” direla eta elkarlan hori «modu naturalean” sortu dela dio. “Ahal dugun guztietan elkar laguntzen dugu, eta elkarlanean ere gauza ugari antolatu izan ditugu”. Asteburuan aurkeztuko duten Egurrock garagardo marka ere, elkarlan horren emaitza izan da.
Aurten, beste ekitaldi mota batekin datoz Emaneurrekoak. Garagardo azoka “ezberdina” izango dela azaldu dute. ”Lehenik errugbi elkartekoek egiten dute feria bat, eta oso ondo gainera. Hau artisau motako garagardoetan espezializatutako azoka izango da”. Izan ere, garagardoa zerbait “soziala» da haientzat, “elkartu eta lagun artean momentu on bat pasatzeko aitzakia” bat. Hori lortu nahi dute asteburuan.
Egurrock marka berria
Nazioartean gero eta gehiago hedatzen ari da artisau motako garagardoen kultura, eta Euskal Herria ez da salbuespena. Hare gehiago, azken urteetan asko zabaldu dela esan liteke. Norberak etxean egitetik hasten dira asko, eta batzuk, ekoizle izaten eta enpresa txikiak sortzen bukatzen dute. Mota horietako 14 garagardo, denak Euskal Herrian eginak, probatzeko aukera izango da bihar, Ordizian antolatu duten I. Artisau Garagardo azokan.
Ez da ohiko azoka izango, garagardoak probatzeko aukera izateaz gain, ikastaroak, dastaketa eta txapelketa ere egingo baitituzte. Emaneurre taldeko kideei sortu zitzaien ideia. Duela hiru urte antolatu zuten garagardo kata batean ezagutu zuten Javier Aldea, garagardo egile ezaguna; «bera hasi zitzaigun ate berriak irekitzen».
Artisau garardoa AEBtan asko zabaldu da azken urteetan, «eta badakigu han modan dagoen guztia hona ere iristen dela». Ordizian ere, asko zabaldu den kultura bat da. Mendizabalek azaldu duenez, «azkenean jendea aditu bihurtu da, eta badago bere garagardoa egiten duen jendea ere».
Azokaren helburuetako bat, Euskal Herrian egiten diren garagardoak ezagutzeaz gain, artisau garagardoa etxean nola egin daitekeen ezagutaraztea da. Horretarako, ikastaro bat antolatu dute larunbat goizerako. D’Elikatuz zentroan emango dute, 09:00etan. Izena aurrez eman behar da, Kirkil tabernan, 25 euroren truke.
Azoka, berriz, 10:30ean zabalduko dute, eta goizez (14:30ak arte) eta arratsaldez (17:00-01:00) egongo da zabalik. Bertan, Euskal Herrian eta artisau eran egindako 14 garagardo mota ezberdin probatzeko aukera izango da. Horietako batzuk dira Gross, Falken, Sesma, Boga, Gar&Gar, Zerb, GaragArt, BBB, edota Olbea. Sorpresa moduan, Ordiziarrock eta Emaneurre taldeen artean sortutako Egurrock garagardo marka ere estreinatuko dute asteburuan. Biharko kontzertuetan eta larunbateko azokan probatu ahal izango da. Garagardoak probatzeaz gain, Euskal Herrian egiten den onena ere aukeratzeko txapelketa egingo dute, 19:00etan hasita.