Altzaga, Arama eta Itsasondo, hiru herri batuta 400 urtera ere
Ordiziaren itzaletik irten orduko, herri elkargo bat sortu zuten hiru herriok, beste hirurekin. Baina berdinetik berdinera. Gaur egun ere udal administrazioa edo herri zerbitzu asko banatu egiten dituzte.
Aldea handia da herri bat beste bati batuta egotetik, herri askoren arteko batura egitera. Mendekotasuneko tratutik urruti, indar metaketaren alde egitera igaro ziren 1615ean Altzaga, Arama eta Itsasondo. Herri txikiak ziren orduan ere hirurak —140, 80 eta 360 biztanle ingurukoak, hurrenez hurren—; baina txiki askoren artean bat handiagoa egin nahi izan zuten, Ordizia handi bakarraren aldartera ibili segi baino.
Ordiziaren eskumenetik irten eta berehala osatu zuten hiru herriek Oria Ibaiko Batasuna, 1615eko urte hartan bertan. Gaintza, Legorreta eta Zaldibia ere gurdi berera igo ziren, elkarrekin Batzar Nagusietara ordezkaria partekatu, foru gehiago bildu, gastuak murriztu eta oihartzun handixeagoa izateko.
Beste 230 urte elkarrekin batera segi zuten Ordiziatik irten ziren zortzi herrietatik seik. Berdintasunezko baturan, ordea. 1845ean desegin zuten Oria Ibaiko Batasuna. Baina XX. mendean ondo sartuta, Altzagak batzeko eskaria egin zion Itsasondori, udalerri txikia zela eta diru urritasuna zuela argudiatuz. 1967an onartu zuten bategitea, eta 1990era arte udalerri bakarra osatu zuten. Harrezkero, berriz udalerri beregainak dira.
Idazkaritza batuta 1927tik
Orain laurehun urte ere biztanleria eta lurralde murritzekoak ziren Altzaga, Arama eta Itsasondo. Gainontzeko guztiek bezalaxe ordaindu behar izan zuten hiribildu titulua, hala ere. Altzagako eskubidedun 35 auzotarrek 332.713 beloizko marabedi ordaindu zioten Gaztelako Koroari; Aramako 20 auzotarrek 185.156 marabedi; eta Itsasondoko 91 familiaburuek 855.469 marabedi.
Egoera demografikoa eta geografikoa ez zaie askorik aldatu, Aramari eta Altzagari, behintzat. Gipuzkoako udalerri txikiena da gaur egun Arama, hedaduraz. Biztanle gutxieneko hirugarren herria da Altzaga, Baliarrain eta Orexaren atzetik.
Hala, eta nahiz eta Batzar Nagusietako ordezkariaren karga historikoa desagertu zitzaien, gaur egungo beste gastu batzuk elkarbanatu beharrean dira Altzaga, Arama eta Itsasondo. Udal administrazio mailan, adibidez, idazkaritza multzoa osatzen dute hiru herriek. Idazkari-kontuhartzaile bakarra dago, eta hiru udaletxeetan ematen du zerbitzua. Berdin administrariekin eta beste zenbait udal langilerekin ere.
«Hiru herriek osatzen dugu idazkaritza taldea, eta hiru herrietan lan egiten dugu. Gizarte langilea, adibidez, denera zazpi herritan aritzen da», azaldu du Pako Zubeldia altzagarrak, Itsasondon, Araman eta Altzagan administrari denak.
Itsasondoko plazatik Aramara kilometro eta erdi dago; Aramatik Altzagara 1,7 kilometro. Herri lanetarako, adibidez, bakar bezala hartzen dute: «Traktorea ere elkarbanatu egiten dugu», dio Zubeldiak. Medikuak ere hiru herrietan ematen du zerbitzua.
Berez, azkeneko 400 urteotan udal independenteak izan badira ere, benetan lotura asko mantendu dituzte. Idazkaritza batasuna 1927tik daukate indarrean. «Orain arte mantendu egin da», dio Belen Mendizabal idazkari-kontuhartzaileak.
Hasiera hartan, duela ia mende bete, batasun administratiboak herriko idazkariari edo sekretarioari bakarrik eragiten zion. «Lehen idazkaria bakarrik egoten zelako udaletxean lanean. Idazkari berak zerbitzua hiru herrietan eman zezan sortu zuten taldea. Denborarekin, gaur egun egoera bestelakoa denez, langile gehiago sartzen dira. Lan-funtzioak ugaritu ahala, beste udal zerbitzuetako langileak ere banatu egiten dira hiru herrietan, idazkaria bezala», zehaztu du Mendizabalek.
Hala, idazkariak asteko egun eta ordu jakin batzuk ditu izendatuta Altzagako, Aramako edo Itsasondoko lanak egiteko —eta udaletxe horietna egoteko—.
Itsasondo, gune nagusia
Landa eremuko herri izateari erabat utzi gabe, kalea duen udalerri bakarra Itsasondo da, hiruren artetik. Herri kozkorra da, 666 biztanlerekin, merkataritza eta zerbitzu aldetik osatuena.
Laurehungarren urteurrena gogoratzeko asmoz, batzorde bat eratu dute itsasondoarrek. Hitzaldi bat egitekotan dira, Kantabriako Unibertsitateko Historia Garaikideko irakasle Susana Truchuelorekin. Ekainaren 11n izango da, 19:00etan, Itsasondoko udaletxean.
Ordiziari 1399an gehitu zitzaion Itsasondo; Arama, Altzaga eta beste bost herri bezala. Administrazio ekonomikoari eutsi zion, hala eta guztiz. Baita herri lurren kudeaketari ere. Batasunaren garai modutsu hartan (1409an) eratu zen Enirio-Aralarko mankomunitatea, eta mendizerraren magaleko 15 herri ziren bazkide. Nahiz eta Ordiziaren edo Tolosaren menpeko ziren gainontzeko gaietan, mendi baso eta abeltzaintzarako lurren erabilera eurek gobernatu zuten. Itsasondo Bozue Handiko kide zen.
Behe Erdi Aroan, bestetik, elkarren aurkari ziren bi jauntxo leinuetako familiak bizi ziren Itsasondon: Ibarratarrak ganboarren alderdikoak, eta Rekalde, Etxeberria eta Isasagatarrak bestekoak. Itsasondo izena, aditu batzuen arabera, azken etxe horren izenetik datorke.
Arama, txikiaren ezinak
Hiribildu titulua lortu ondoren, ezintasun ekonomikoek batasunetara lerratu zuten Arama. Hainbeste, ezen metropoli izan zuen Ordiziari ere batu zitzaion berriz, 1682an, onura handiagoak eskuratuko zituela eta. Ezin konponduek eta sestrek, hala ere, atzera Oria Ibaiko Batasunera bideratu zuten Arama.
Batzar Nagusietarako bilera-egoitza Arama izan ohi zen, bertako San Martin eliza zehazki. Bozue Txikiko kide izan zen, bestetik. Kokagune estrategikoan dago lekututa herrigunea: Oria errekaren ibarraren zelatari, gaintxo batean; eta Aralar aldetik datorren Amundarain errekaren eta Oriaren gurutzearen gainaldean.
Altzaga, bat eginik iraunez
Altzagak Gipuzkoako 87. udalerri izendapena du, zenbaketan. Azkenetakoa izan da sortzen (89 udalerri ditu, gaur egun). Izan ere, Ordiziarekin lehenbizi (1399tik 1615era), Oria Ibaiko Batasunean gero (1615-1845) eta Itsasondoren anparoan azkenik (1966-1990), beregaintasun egoeran bigarren aro luzeena ari da izaten Altzaga, azken 25 urteotan.
Dirurik ez zuela eta, 1966ko otsailaren 5ean eskatu zuen ofizialki Itsasondori eransteko. Hurrengo urtean batu zitzaion.
Laugarren mendeurrenaren aitzakian, agiri garrantzitsuak berreskuratu dituzte Altzagak, Aramak eta Itsasondok. Beren artxibategi historikoetan ez zeukaten 1615eko hiribildu tituluen eskuizkriburik. Valladolideko Artxibategira (Espainia) eskatu eta jaso dituzte. Lehendik udalerri baziren; orain, frogagiri eta guzti.
DATUTAN
Altzaga
- Azalera. 2,21 kilometro koadro. Herrigunea 279 metroko garaieran dago, Altzagarate 460ra.
- Biztanleria. 165 altzagar (2014).
- Langabezia tasa. %11,79.
- Udal hauteskundeen emaitza. 2011ko bozetan Altzagako Artea Taldeak 62 boto (bost zinegotzi), PPk 2 boto. Imanol Muxika Katarain da alkate. Kudeaketa Batzordeak gobernatzen du udala, 2014ko apiriletik.
- Azalera. 1,32 kilometro koadro. Gipuzkoako herri txikiena da.
- Biztanleria. 217 aramar (2014).
- Langabezia tasa. %10,20.
- Udal hauteskundeen emaitza. Aramako Herri Batzarrak 92 boto (bost zinegotzi), PPk 3 boto. Asier Mujika Otegi da alkate
- Azalera. 8,94 kilometro koadro. 160 metroko garaieran.
- Biztanleria. 666 itsasondoar (2014).
- Langabezia tasa. %12,43. Gipuzkoako tasa (%13,32) baino txikiagoa, Goierrikoa (%11,02) baino handiagoa.
- Udal hauteskundeen emaitza. Bilduk 235 boto (zazpi zinegotzi), PSE-EEk 14 eta PPk 1. Asier Garro Sodupe da alkate, 2012tik.