Gaur banatuko dituzte Beasaingo Igartzan Bertsomoviedako sariak
Arratiarrek egindako 'Txakile' lana izan da irabazle nagusia; sari nagusiaren eta ikuslearen saria jasoko ditu
- Sari nagusia: ‘Txakile‘. 1.000 euro.
- Bigarren saria: ‘Etzinen zu’. 300 euro.
- Gazteen lehenengo saria: ‘Tantak’. 300 euro.
- Gazteen bigarren saria: ‘Garoña bertsomovieda’. 150 euro.
- Publikoaren saria: ‘Txakile’. 500 euro.
- Bertsorik onenaren saria: ‘Aita heriotza’. 250 euro.
Antolatzaileak gustura daude. Iñaki Apalategi bertsolaria da antolatzaile taldeko kideetako bat. “Urtero penatzen gara lanen bat ez saritzeaz; gero eta lan hobeak geratzen dira saririk gabe” Urte batzuetan bertsopaper lehiaketa antolatu zuen Beasaingo Arranok. Baina 21012an lehiaketa berritzailea aurkeztu zenuten: Bertsomovieda. Zergatik? Bertso paper lehiaketan 20-25 lan jasotzen genituen. Nahiz eta guri gutxi iruditu, beste lehiaketa batzuetako antolatzaileekin hitz eginda, errealitatea hori zen. Nahiz eta besteekin konparatuta ondo genbiltzan, kopurua eskasa iruditzen zitzaigun; genero hori gainbehera zegoela ikusten genuen. Horretaz aparte, hor egiten ziren lanak, hortxe gelditzen ziren. Inork ez zituen ikusten, ez baloratzen… tristea zela dirua horrela gastatzea. Urte sabatikoa hartu genuen eta bertsomovieda jaio zen. Hasieran ez genekien oso ondo zer izango zen. Ideia nondik hartu zenuten? Garai haietan sare sozialak dezenteko indarra hartzen hasita zeuden, Youtuben ere bideo dezente ikusten ziren… Jendeak estimatuko zuen zerbaitetan lana egitea pentsatu genuen. Garai batean bertsopaperak albisteak edo kronikak kontatzeko izaten ziren, aktualitateko gaiak tratatzen zituzten. Gaur egun literaturagoak dira. Garbi geneukan antolatu genuen lehiaketak bizia izan behar zuela. Beharbada hemendik hiru urtera zaharkitua geldituko da eta beharbada ez da egingo.Ez genekien oso garbi zein lan estilo jasoko genuen. Egia esan, lehenengo urtean jaso genituen lanek eskemak hautsi zizkiguten. Lehiaketara aurkezten diren lanak oso desberdinak izango dira. Hasieratik hona aldatu al dira? Lehenengo urtetik sorpresa eraman genuen, ez zelako estilo bat iritsi. Gure espektatibak txikitu egin ziren. Antzerki aldera jotzen zuten bertsomovierik ez genuen imaginatu ere egiten egia esan. Diasporatik jasotzea ere ez… Urtero-urtero bertsomoviearen barruan generoak edo azpigeneroak sortzen joan dira. Polita da. Aurten saritu dugun lana ere berria da, narrazio asko sartzen du bertsoaz aparte; oso zine formatokoa da. Zeintzuk dira azpigenero horiek? Bertsopaperak oso kalitate handiko irudiekin, abesti baten bideoklipa litzatekeen bezala. Bestea, lagun artean, herri antzoki gisan egiten dena. Aurten zinematografikoagoak ere jaso ditugu. Bertso onenaren saria jaso duen bertsomoviea da oso dramatikoa zen, zonbi baten heriotzari kantatutakoak. Gabiriako taldeak irabazi zuenean Euskal Herri osoa bisitatu zuten kopla kantari… Oso desberdinak dira eta askotan epaitzea ere zaila egiten da. Lehiaketa berera aurkeztu dira baina oso gauza desberdinak dira. Sormenerako aukera ematen du. Polita hori da. Bertsolariari uzten dio bertso aldetik garatzen. Baina laburmetraiak egiten duten pertsona bati ere uzten dio aurkezten. Berea ez den bertso bat sartuta aukera dauka aurkezteko. Bertsoaren baldintza murritza da. Parte hartzeko aukera da. Epaitzerakoan zer hartu duzue kontuan? Saiatzen gara bertsoak kontuan hartu arren, erabakigarriak ez izaten. Bertso onenaren saria ere badago. Originaltasunak asko esan nahi du. Aurtengo irabazleak poza transmititzen du. Estilo horretakorik jaso gabe geunden. Urtero penatzen gara lanen bat ez saritzeaz. Aurten iruditu zaigu saritu gabe oso lan onak gelditu direla; gero eta lan hobeak geratzen direla saririk gabe. Baina diru gehiago ez dago. Aurten sari nagusia eta ikuslearen saria bat etorri dira. Ez, gehienetan nahiko banatuta egon dira sariak. Bat etorri diren aldi bakarra, lehenengo edizioa izan zen. Uste dut gehiagotan ez dela gertatu. Aurten Txakilerekin 1.500 euro irabazi dituzte. Hasieratik arrakasta izan du bertsomoviedak. Zergatik izan du arrakasta hori? Nik uste dut, movieak egiten ondo pasatzen dutelako. Lana, saritua ala ez, erakusteko modukoa da. Oroitzapen polita da. Eta sariak ere nahiko mamitsuak dira. Taldeka egiten du jende gehienak eta horrek ere jendea animatzen du. Bestetik, bertsopaper bat baino askoz ere irekiagoa da. Bertsopaperetan baino lan gehiago ez dugu jasotzen baina gertatzen dena da, lan bakoitzaren atzean, batez beste, 10 pertsona daudela. Lehen 20 lagunek hartzen zuten parte eta orain 300ek. Balorazioa oso desberdina da. Interneta oso bizia da. Eraldatu eta agortu egin daiteke. Washapak asko funtzionatzen du orain eta beharbada bi urtera Youtubek indarra galtzen du, Facebooka ez du inork bisitatuko… hori ez dago gure esku. Bizia daukan bitartean segitzeko motiboa daukagu. Baita ere garbi daukagu, funtzionatzen duen bitartean antolatuko dugula. Ikusleen saria jartzeak ere lagundu du arrakasta izaten. Botoa eskatuz, promozio lana ere egiten dute parte hartzaileek. Bai, mugimendua egoten da bai. Estrategiaz ere jokatzen dute batzuk. Bukaera aldera botorik ez emateko agindua emanez adibidez.