
Gauerdian hasi da ofizialki maiatzaren 24ko udal eta foru hauteskundeetako kanpaina. Aurrez hamaika ekitaldi egin dituzte alderdiek, zerrendak aurkezteko edo gobernuan zein oposizioan egindako lanari azpimarra egiteko. Gauerditik botoa eskatu dezakete jada eta hala egingo dute datozen bi asteetan.
Kanpaina ofiziala ez da, halere, indar handiz hasiko Goierrin. Lau ekitaldi baino ez dituzte iragarri gaurko zein astebururako, eta datozen egunotan nork bere programa aurkezten jarraituko du. Goierriko herri handietan EH Bildu, EAJ, PSE-EE, PP eta Irabazi-Ganemos aurkezten dira, eta salbuespenak Ordizia eta Beasain dira. Ordizian seigarrena Ordizia Orain alderdia da –Podemos Ahal Dugu ordezkatzen dute–. Beasainen Irabazi Ganemosen hautagaitzarik ez dago eta lau alderdiren artean dago lehia: EH Bildu, EAJ, PSE-EE eta PP. Herri txiki gehienetan EH Bildu eta herri kandidaturak aurkeztu dira.
Sare sozialak ere arrantzarako bide
Gauerdian hasita nabarmenak dira sare sozialetan alderiek hasi duten bidea; orain arteko aurre kanpainaren bidetik jarraitu dute, botoa eskatzeko eta ekitaldiak iragartzeko tresna bikaina direla jakitun baitira alderdiak. Hala, Goierriko ordezkariak ere hasi dira kanpainaren berri adibidez Twitterren ematen.
Urretxuko, Lazkaoko edo Beasaingo EAJ, Zumarragako eta Legazpiko PSE-EE, Lazkaoko, Idiazabalgo, Beasaingo, Ordiziako eta Zumarragako EH Bildu edo PP Gipuzkoa mailan dira, adibidez, sare sozialetan kanpainaren hasieraren berri eman dutenak.
Iragarritako ekitaldiak
- Legazpi. PSE-EEk larrosak banatuko ditu. Gaur, 11.:30ean, plazan. Oscar Valbuena Legazpiko alkategaia, Iñaki Dubreuil Ordiziako alkategaia, Susana Corcuera legebiltzarkidea eta Fernando Fariñas batzar nagusietarako hautagaia egongo dira.
- Legorreta. EH Bilduren ekitaldia, gaur 19:00etan plazan. Zelai Amenabarro alkategaia eta Garazi Mugertza batzar nagusietarako hautagaia egongo dira.
- Legorreta. EAJk hautagai zerrenda eta programa aurkeztuko ditu: gaur, 19:00etan, kultur etxean.
- Beasain. EH Bilduren ekitaldia: bihar, 12:30ean, Gernika pasealekuko frontoian. Koldo Agirre alkategaiak eta Lohitzune Txarola batzar nagusietako lehendakariak hitz egingo dute.
- Gabiria. Hauteskundeetarako argazkia aterako dute, gaur, 19:00etan, Gabiria Aurrera eta Auzo Artea alderdiek. Bi taldeek bat egin dute aurten, eta elkarrekin aterako dute argazkia.