Inoiz baino boto gehiagorekin irabazi du Bertsomovieda 'Txakile' lanak
Helduen mailako lehen sariaz gain, publikoaren saria ere irabazi du Ibon Iza, Joseba Rodrigez eta Urtzi Uriarteren lanak. Arratsaldean egin dute sari banaketa, Igartzako jauregian.
- Sari nagusia: ‘Txakile‘. 1.000 euro.
- Bigarren saria: ‘Etzinen zu’. 300 euro. Egilea: Gero Pentzauku Produkxions. “Parodia eder bat” da epaimahaiaren ustez.
- Gazteen lehenengo saria: ‘Tantak’. 300 euro. Egilea: Etxebeltz bertso eskola. Bideoak transmititzen duen “sentsazio positiboa” baloratu dute.
- Gazteen bigarren saria: ‘Garoña bertsomovieda’. 150 euro.Egileak: Iker Loidi, Amaiur Mendiaraz, Ainara Minguez, Miriam Ojenbarrena eta Garazi Elejalde. “Umorea” eta gidoia baloratu ditu epaimahaiak.
- Publikoaren saria: ‘Txakile’. 500 euro.
- Bertsorik onenaren saria: ‘Aita heriotza’. 250 euro. Egileak: Javi Zorroza, Hegoa Alvarez eta Olazti Landa. Bertsoen teknikotasuna baloratu du epaimahaiak.
Irabazleen hitzak: “Poz pozik gauz”Arratia eskualdean egindako lana da Txakile. “Poz-pozik gauz”, azpimarratu du behin eta berriz Ibon Iza egileak. 10 minutuko dokumental laburra da. Bola jokotik ideia hartu eta garatu dute istorioa. “Txakilea bola jokoko txirlorik txikerrena da. Txikerrena baina inportanteena da, puntu gehien ematen dituena delako”. Txakilearen metaforarekin belaunaldi desberdinetako ehun bat herritar inguru elkartu dituzte. Metafora horretatik abiatuta, bide batez, Arratia eta arratiera ezagutaraztea ere izan dute helburua. “Gure euskalkia, hitanoa nola erabiltzen dugun… erakutsi nahi izan dugu”, gaineratu du. Urtebeteko lanak fruitua ikusi du. Editatzeko arazo bat baino gehiago izan dutela aitortu du Izak. “Kosta zitzaigun forma ematea”. Arratiarrak ere pozik daude lanarekin eta sariarekin. “Dimako jendea ere pozik dago. Asko eta asko harritu egin dira. Emaitzagaz pozik gauz”. Dagoeneko beste ideia bat buruan darabilkitela aurreratu du Izak. “Datorren urtean ez bada, hurrengoan izango duzue gure berri”.