Haren lanak herritarren esku utzi eta jarraipena eman nahi diete; senideek "hartu genezakeen erabakirik onena" dela azaldu dute

Joxemartin Apalategi (1949-2006) antropolo ataundarraren ondarea Ataungo herriaren esku uztea erabaki dute haren senideek, berak hala nahiko lukeela sinetsita. Ondare “bizia” izatea eta etorkizunean “jarraipena izan dezala” nahi dute. Gaur sinatu dute hitzarmena udalarekin, eta bi aldeak gustura agertu dira, herriarentzat ere aberastasun bat izango baita.
Igor Aierbe alkateak azaldu duenez, “herriko seme dugun Joxemartinen obra guztia herrira gerturatu eta herritarren eskura jartzea da helburu nagusia”. Bide batez, Apalategiri merezi duen “errekonozimendua” eman eta “bere lanari jarraipena” eman nahi diotela esan, familiari eskerrak ematearekin batera.

Familiaren izenean, Jokin eta Jaione Apalategik sinatu dute hitzarmena. Jokin Apalategiren arabera, “Ataunek zorionez, lan handia egin duen jende asko” izan du, eta lan horiek “etorkizunean garrantzia izan dezaketela, hurrengo belaunaldiei espiritu hori, pentsamendu hori eta balore horiek transmititzeko”. Horregatik, familia “oso arduratuta” zegoen lan horiek noren esku utzi, erabakirik onena hartu nahian. Zentzu horretan, udalaren esku utzita “hartu genezakeen erabakirik onena” hartu dutela uste du. Hala ere, “lan horrek transmisio bat izan dezala” nahi dute, ez dadin artxibo soil batean gelditu.
Jaione Apalategik berriz, Joxemartin 2006an “presaka” hil zela eta “kontu hauetaz hitz egiteko astirik ez” zutela izan azaldu du. Hala ere, “ziur gaude asmatu egin dugula Ataunekin lotura hori utzita”. Izan ere, Joxemartin Apalategi leku eta talde askotan ibili izan zen; EHUko irakasle izateaz gain, Gerriko elkartean ere aritu zen, eta “aukerak bazeuden beste leku batzuetan uzteko, baina ez genion geure buruari barkatuko Ataunen izan ez balitz”. Ondare hau, “ez da ataundarrentzat bakarrik”; momentuz “bilduma bat da, baina hori aktibatuz gero eta lan horri jarraipen bat emanez gero, hor aterako dira bere gogo eta pentsamenduen haziak, eta gero uzta etorri daiteke”. Horregatik guztiagatik, “ziru gaude Joxemartin, berak esaten zuen bezala ‘ehunetik ehun’ pozik egongo litzatekeela erabaki honekin”.