Legazpiko gazteek gaztetxea berriro irekitzea erabaki dute
Gazte talde batek istiluak sortu ditu azken urteetan Legazpiko gaztetxean eta duela aste batzuk tabernaria jipoitu zuten. Hori dela eta, gaztetxea itxita egon da. Jaietan bilera egin zuten gertakari hori salatzeko eta ostegunean bilera bat egin zuten zein neurri hartu salatzeko. 50 bat lagunek parte hartu zuten. Gaztetxea berriro irekitzea erabaki dute. Hemendik aurrera igandetik asteazkenera 15:00etatik 00:00etara irekiko dute eta ostegunetik larunbatera 15:00etatik 02:00etara. Istiluak sortu dituztenei ez diete sartzen utziko.
Gaztetxearen inguruan lan egiten duten gazteak gustura ageri dira herriaren erantzunarekin. “Manifestazioan herri osoak parte hartu zuen. Kale Nagusia jendez gainezka zegoen. Adin guztietako jendeak bere elkartasuna adierazi digu. Izan ere, azkenaldian herrian istilu gehiago egon dira”.
Elkartasun hau gazte asanblada indartzeko erabili nahi dute. “Oso ahul zegoen eta bilera hau da berpizteko unea. Bileran lan egiteko prest dagoen jendea azaldu zen. Gazteen lokaletara joan behar gara euren konpromisoa lortzera. Helburua herriko gazte guztiok elkarrekin lan egitea da”, esan dute.