EAJren aurkezpena, gaur, Legorretan./Aimar Maiz
Legorretako EAJk gaur arratsean aurkeztu ditu Izaskun Zubeldia alkategaia eta hauteskunde-programa, herritarren aurrean. Hamar puntuko programa xehetu du. 2011-2015 agintaldiko udal kudeaketa kritikatu du lehenbizi. EAJren hautagaitza “kudeaketarako prestatutakoa” dela ziurtatu du. “Hori da Legorretak behar duena. Ez da logikoa milioi bat euro edukitzea udalak. Erakundea ez da dirua irabazteko enpresa bat, baizik gure zergak gestionatzeko. Bildukoek ez dute horretarako ahalmenik”, azaldu du Zubeldiak.
Jorratu dituen arloen artean, garapen ekonomikoa, alokairu sozialeko etxebizitzen eraikuntza eta elkarbizitza nabarmendu ditu. Legorretako Udalean alkatetzara iristen badira, “eguneroko lana eta nahiz udaletxean, nahiz kalean uneoroko disponibilitatea” izango dutela aurreratu du.
Hona, puntuz puntu, EAJk Legorretarako egin duen eskaintza, Izaskun Zubeldia zerrendaburuaren hitzetan:
- Herritarren parte-hartzea. “Benetako informazioa emango dugu. Aldez aurretik erabakiak hartutako bilerek ez dute balio. Kartelekin herri guztia beteta eta zikina dago; kartel elektronikoak eta udal webgunea erabiliko ditugu”.
- Ekonomia. “Enpresak itxi dira. Paper fabrikaren eremuan ez da ezer egin. Hori sustatu beharra dago, enpresa txikiagoak jartzeko edo kanpotik ekartzeko”. “Oraingo udalekoek herriko enpresen alde ez dute ezer egin, hobera joateko. Kontrakoa. Zerga gehiago kobratu dizkiete. Ez dut esaten gaizki dagoenik, baina lagundu behintzat ez diete egin”. “Batez ere gazteen langabezia igo egin da, eta enpresak sortu behar dira gazteen lanposturako. Aurreztuta utzi duten dirua erabiliko dugu”.
- Zabor bilketa. “Guztia hitz eginda dago, eta behar baino gehiago haserretuta. Erreferenduma egingo dugu. Ateratzen dela ateratzen dela, onartuko dugu. Loteslea izango da. Ez dugu gehiago eztabaidatu nahi”.
- Kultur eta kirol ekipamenduak. “Zinema itxita egotea onartezina da. Oso garrantzitsua izan da herri honetan. Zortzi urte daramate proiektu bat egin, gero bestea… Geldirik dago. Zerbait egin beharra dago; agian ez du merezi oraingo zineman dirua gastatzea, baina hori beste gai bat da. Non edo non, baina lehentasunezko eraikina da”. “Zinema egingo dugu, baita soinketa-gela bat ere”.
- Etxebizitza. “Zortzi urtetan ez da egin, eta okerrena da plangintza bat bakarra dagoela: Elizondo. Horko 24 etxeak denak libreak dira, babes ofizialekorik ez dago. Berostegin ideia dago, baina ez dute martxan jarri. Haraino joan beharko dute gazteek”. “Alokairu sozialaren alde egingo dugu, etxebizitza berriak eraikitzeko. Gazteentzat batik bat, etxetik irteten laguntzeko”. “Etxe zaharrak berritzeko laguntzen sailak handituko ditugu”.
- Tren geltokia. “Proiektua geldirik dago. Madrilgo Kongresuko Euskal Taldearekin berraktibatu beharra dago. Zinemarekin batera, lehentasunezkoa da”.
- Eguneko zentroa. “Adinekoentzat edo ezinduentzat egingo dugu, Diputazioarekin elkarlanean. Beharrak ikusi, eta horren araberako zentroa izango litzateke”.
Izaskun Zubeldia, EAJren alkategaia Legorretan./Aimar Maiz
- Industri ondarea. “Paper fabrikako ondareari eutsi behar zaio, eraikinak dituen intereseko zatiei: bulegoena, eta ibai ondoko galdara-tximiniak. Hori mantentzea merezi du, eta bestea bota. Ibai ertza saneatu, bide batez”. “Toki hau garrantzitsua da. Legorretari asko eman dion enpresa baten oroitzapena mantentzea, batetik. Bestetik, aprobetxamendua atera daiteke, metro piloa daudelako: eguneko zentroa kokatzeko, etxebizitza sozialak… Edozertarako da erabilgarria”.
- Azpiegiturak. “Herriko azpiegitura guztiak porru eginda daude. Kale Nagusia eta Ibaiondo pasealekua, batik bat, desastre eginda. Horiek konpondu behar dira, eta puskatu ahala berritu”.
- Elkarbizitza. “Bakea ez da gatazka politikorik ez izatea. Bakea, bakean bizitzea da. Esfortzu bat egin behar dugu, guk eta herriko eragileek elkarlanean, elkarbizitza normalizatura iristeko. Plangintza bat egingo dugu, biktima guztiak jaso eta haien oroimena berreskuratzeko eta aitortzeko”.