Legorretako EH Bilduren hautagaiak, udal hauteskundeetarako, gaur./Aimar Maiz
Legorretako EH Bilduren alkategai Zelai Amenabarrok gaur iluntzean aurkeztu ditu, Legorretako plazan, koalizioaren ardatzak, 2015-2019 agintaldirako. Udaleko kudeaketa lantaldeetan oinarrituta jarraitzeko asmoa agertu du. Baina aldaketa batekin: “Lantalde bakoitzak bi gidari edo arduradun izango ditu. Lanak hobeto banatzeko, lantaldeak indartzeko eta jende gehiagorengana iristeko”.
Hala, batzorde bakoitzarentzat zein pertsona dituzten pentsatuta ere aurkeztu du. EH Bilduk alkatetza lortzen badu, Hirigintza-Zerbitzuetako zinegotzi arduraduna Mariano Garmendia izango da, eta Idoia Aldasoro laguntzailea. Kultura, Euskara, Gazteria eta Kirol arloan, Nerea Perez eta Nekane Amondarain. Herrigintzan Urtzi Larrea eta Iñigo Lasa. Eta Ongizatean Maite Gonzalez eta Maddi Jauregi.
Bestetik, LUA udal aldizkariaren ardurarako Olaia Eskitxabel aurkeztu du Bilduk.
Lau lantalde horietan eta “parte-hartzean” oinarritua jarraitu nahi dute. Datozen lau urteetarako filosofia aurreratu ditu. “Oinarrian parte-hartzea bultzatzen dugu, herritarrak kontuan izanda. Haiekin lan egin nahi dugu, eta garatu nahi ditugun proiektu denak haien laguntzarekin eta onespenarekin izan daitezela”.
Zutabeak, berriz, ongizateak jarraituko du lehentasunezkoa izaten. Gizarte zerbitzuak eta oinarrizko eskubideak bermatu nahi ditu. Lanari eta gazteei begira, ekintzaileei “babesa” eman eta “herrian bertan lan egin dezaten” saiatuko dira, Zelai Amenabarrok esan duenez.
Ardatza gizarte arloa izango bada ere, hirigintzan hurrengo lau urteetarako proiektu garrantzitsuena zinema berria izango da. “Pentsatu dugu nolako zinema izatea nahi dugun, herritarrekin parte-hartze prozesuan. Ez da izango pelikuletarako areto bat bakarrik. Areto txiki gehiago edukiko ditu, herriko eragileek hor izan dezaten beren lana aurrera eramateko tokia. Proiektua onartuta dago, eta guri tokatuko zaigu hori martxan jartzea”, aurreratu du Amenabarrok.
Legorreta “herri bizia, euskalduna, parte-hartzailea, solidarioa, integratzailea eta feminista” izan dadin lortu nahi du EH Bilduk.
Zelai Amenabarro, Legorretako EH Bilduren alkategaia./Aimar Maiz
Datorren agintaldirako honako gakoak aipatu ditu EH Bilduk, gaurko aurkezpenean:
- Gizarte zerbitzuak. “Erabateko lehentasuna izango dute. Krisia gehien jasaten ari direnekin batez ere lehentasuna erabatekoa izango da”. Etxebizitzan, errenta soziala bultzatuko dugu”.
- Berdintasuna. “Talde bat osatu nahi dugu genero berdintasunaren gaia lantzeko. Feminismoa lehen lerrora ekarri nahi dugu. Urte osoan izan dadin berdintasunaren aldeko lana, eta ez egun berezietan bakarrik”.
- Adinekoak eta menpekoak. “Zaharrei lagunduko diegu. Menpeko pertsonei eta haien zaintzaileei kasu egin behar zaie, baliabide gehiago jarriz. Ez ditugu ahaztu behar menpekoak zaintzen dituzten zaintzaileak”.
- Aniztasuna. “Azkeneko agintaldian Legorretan burutu den plagintzarekin bide beretik segiko dugu.
- Euskara. “Eremu guztietara zabaltzeko lana egingo dugu. Erabili eta hitz egin dezagun. Elegune-ri (Euskararen Legorretako Gunea) babesa emango diogu”.
- Kultura. “Zinema eraberritzeko proiektua martxan da. Areto berria edukiko dugu laster, horrek ekarriko dituen aukera guztiekin”.
- Gazteria. “Ume, nerabe eta gazteen aisia bereziki landu nahi dugu. Plangintza bat osatuko dugu Gipuzkoako Foru Aldundiarekin, hezkuntzan oinarrizko balioak lantzeko. Denon ardura da”.
- Ekonomia. “Herri lanetarako langabetuen kontratazioekin jarraituko dugu. Herriko merkataraitza sustatuko dugu, eta bertako baserritarrei ekoizten dituzten produktuak saltzen lagunduko diegu”. “Ekintzaileei laguntza emango diegu, herrian gara ditzaten beren lanak eta jarduerak”.
- Aurrekontuak. “Herritarrekin eta herriko talde nahiz eragile guztiekin batera landuko ditugu”. “Legorretako altxor txikiak zarete eragileak. Zuen lana eskatu beharrean gara, eta lan gogor egin dezazuen animatu”.