Gaur hasiko da Gipuzkoako Herriarteko Pilota Txapelketa, esku huska eta zesta-punta sailetan. Lehen egunean sartuko dira lehian Goierriko bi herri: Zumarraga eta Ataun. Eskuko hirugarren ordezkariak, Beasainek, bihar jokatuko du. Final hamaseirenetan ekingo diote hiru herriek Herriartekoari. Joan-etorriko jardunaldi bana dituzte, koska gainditzeko. Ohi bezala, jardunaldi bakoitzean hiru partida izango dituzte, adinka: kadeteak, jubenilak eta nagusiak, bikoteka.
Zumarragako pilotari taldeak Zizurkili egin beharko dio aurre (gaur, 19:00etan, Beloki pilotalekuan, Zumarragan). «Lehen kanporaketa gainditzea da helburua. Ea lortzen dugun», aurreratu du Iñigo Viana prestatzaile zumarragarrak. Pilotari batzuk «politak» dituztela iragarri du.
Ataunek ere gaur du lehenengo talka, Alegiarekin (Alegiako Elorri pilotalekuan, 21:00etan). Paper itxurosoa egin ohi du Ataunek, urtero. Aurten ere talde lehiakorra osatu dute. «Animotsu gaude, hasteko gogoz eta indartsu. Dena ematera joango gara», aurreratu du Ataun Kirol Elkarteko ordezkari Amaia Albisuk. Alegiaren aurkako kanporaketa gainditzeko modukoa ikusten dute, gainera. «Pasatzeko aukerak baditugu. Jokatu egin beharko da, hala ere».

Ataunen Herriarteko pilotariak./Ataun Kirol Elkartea
Hasiera tristea izango dute ataundarrek, hala eta guztiz. Igandean Mexikon istripuz hil zen
Irantzu Aizpurua Regil gaztea gogoan izango dute. Ataun Kirol Elkartean ibilitakoa zen.
Beasainek, azkenik, bihar 16:30ean Lezo hartuko du, Antzizar kiroldegian. «Ea frontoira jende pixka bat joatea lortzen dugun», diote pilotari beasaindarrek, zaleak animatzeko.

Beasainen Herriarteko taldea./Eskeine Legorburu
Eskolaumeena, Ataunen
Asteburuan hasiko da Goierri Beheko Eskolaumeen IX. Pilota Txapelketa ere, Lazkaoko Lapke elkarteak antolatua. Hamar herritako haurrak ariko dira.
Zazpi larunbatetan jokatuko dituzte partidak, bihartik ekainaren 20ra bitartean. Lehen jardunaldia Ataunen da, bihar 15:30ean hasita. San Martingo pilotalekuan ariko dira. Finalak, ohi bezala, Lazkaon izango dira.
HERRIARTEKOA. GOIERRIKO HERRIEN PILOTARIAK (eskua)
Ataun
- Kadeteak. Iraitz Zubizarreta, Jon Olano, Josu Etxeberria eta Beñat Senar.
- Jubenilak. Xabi Regil eta Iñigo Zabala.
- Nagusiak. Jon Arratibel, Aimar Zaldua eta Ibai Arratibel.
- Partida. Gaur, 21:00etan, Elorri frontoian (Alegia). Alegia-Ataun.
Beasain
- Kadeteak. Iñaki Urdangarin (infantila) eta Arkaitz Baztarrika.
- Jubenilak. Iñigo Suarez eta Beñat Garmendia.
- Nagusiak. Arkaitz Goikoetxea eta Egoitz Mendia.
- Partida. Bihar, 16:30ean, Antzizarren (Beasain). Beasain-Lezo.
Zumarraga
- Kadeteak. Odei Mendizabal, Jokin Sanchezarevalo, Aitor Vega.
- Jubenilak. Mikel Egiburu eta Beñat Agirre.
- Nagusiak. Ander Quina, Asier Intxausti eta Beñat Ibañez.
- Partida. Gaur 19:00etan, Beloki frontoian (Zumarraga). Zumarraga-Zizurkil.