«Nik neuk zerbait idazteko gogoa daukat»
Lanez lepo dabil Aitziber Garmendia (Zaldibia, 1982) aktorea. Zuek hor! programan ikusten dugu asteazkenero, Gorane haur bihurriaren edota La Jaio neska txoni-aren ...
Lanez lepo dabil Aitziber Garmendia (Zaldibia, 1982) aktorea. Zuek hor! programan ikusten dugu asteazkenero, Gorane haur bihurriaren edota La Jaio neska txoni-aren paperean. Lehen aldiz, gidoilari lanetan ere ari da, berak idazten baititu bere esketxak. Asteburuetan, berriz, herriz herri ibiltzen da Ondoko hilobiko tipoa antzezlanarekin, eta berak parte hartu duen Txarriboda filma apirilean estreinatu zen. Aspertzeko denborarik gabe, baina gustura dabil, bere saltsan.
Begirada atzera botata, noiz konturatu zinen aktore izan nahi zenuela?
Aspaldi, hamar bat urterekin, eskolan egindako antzezlan batean. Pentsatu nuen: «Zein polita den sentitu dudan hau». Orduan konturatu nintzen jendaurrean aritzea gustatzen zitzaidala. Gero, hamahiru urterekin, Beasaingo antzerki eskolan hasi nintzen, lata ederra emanda, gainera. Hamabost urte behar ziren Beasaingo antzerki eskolan sartzeko, eta gezur txiki bat esanda sartu nintzen, hamahiru urterekin. Gogoratzen naiz orduan nuen grinaz. Gogo horrek dena bultzatzen du.
Gogoratzen duzu Beasaingo antzerki taldearekin egindako lehen antzezlana?
Hitz egin dezagun sexuaz izan zen. Ez neukan ideiarik ere sexuaz. Asko ikasi nuen antzerkiaz, sexuaz, helduen bizitzaz… denaz. Konturatu nintzen bizitzan oraindik gauza asko nituela ikasteko, eta interes handia piztu zitzaidan.
Antzerkian hasi arren, Martin telesailarekin egin zinen ezagun.
Hori beti pasatzen da. Bizi osoa pasa dezakezu antzerkia egiten, eta telebistan agertu arte ez zaitu inork ezagutzen, ez zara inor. Martin telesailean hemeretzi urterekin hasi nintzen. Nire lehen lan serioa izan zen telebistan. Esan zidatenean Elena Iruretarekin eta Jose Ramon Soroizekin lan egingo nuela, ilusio handia egin zidan. Gau hartan ez nuen lorik egin.
Antzerkia, telebista ala zinema, zeinetan sentitzen zara erosoen?
Ez nuke jakingo bat aukeratzen, baina egia da antzerkian disfrutatzen dudala gehien. Publikoa bertan izaten dugu, eta momentuan ikusten dugu zerk funtzionatzen duen. Antzerkiak ematen duen anonimotasuna ere gustatzen zait, baina antzerkiaren desabantaila da ezin dela hortik bizimodua atera. Garai batean posible omen zen, orain ez. Telebistak, berriz, egonkortasuna eskaintzen du. Eta zinemak magia dauka. Grabaketa egiten duzu, eta handik urte eta erdira edo ikusten duzu momentu hartan ernaldu zenuen umearen aurpegitxoa.
‘Ondoko hilobiko tipoa’ antzezlanarekin zabiltzate orain herriz herri.
Bi urte daramatzagu dagoeneko, eta Espainian ere izan gara. Kristoren esperientzia izaten ari da. Zeinek esango zigun guri Espainiara joango ginela, Iker Galartza eta biok, gaztelaniaz… Badauka xarma berezi bat antzezlanak. Ikerrek egin ditu itzulpena eta egokitzapena, oso baserri girora egokitu du, eta oso ondo funtzionatu du.
Antzerkian bakarrik ez, telebistan ere lortu duzue arrakasta ‘Zuek hor!’ programarekin.
Hori ere esperientzia oso ona izaten ari da niretzat. Lehen aldiz gidoilari bezala ere ari naiz lanean, gainera. Nik idazten ditut nire esketxetako gidoiak, eta asko ari naiz ikasten. Inoiz baino gehiago baloratzen dut pantailako minutu baten atzean zenbat pauso eta zenbat lan dagoen.
Zure bi pertsonaiak oso ezagunak egin dira, Gorane eta La Jaio.
Lantaldean proposatu zuten: «Zergatik ez dugu euskal txoni bat egiten?». Nik La Jaioren profila proposatu nuen, eta arrakasta izan du. Nire ahizpak, Aiorak, izan du epoka oso txoni bat, eta bera hartu dut erreferentzia modura. Goraneren papera, berriz, Galartzarekin batera egiten dut, bikote artistikoa ematen dugu dagoeneko. Gorane mari matxarda bat da, eta Andoitz, berriz, makal makala, inoiz espabilatzen ez den horietakoa, baina zintzoa.
Kalean jendeak esaten al dizu Andoitzi hainbeste atximur ez egiteko?
Pertsonaiak entseatzen hasi ginen lehen egunean, konturatu gabe atera zitzaidan atximur egitea, ez zegoen gidoian. Kalean ez didate inoiz esaten atximur ez egiteko, alderantziz, atximurrekin barre asko egiten dutela esaten didate. Saiatzen naiz gezurrezkoak egiten, baina batzuetan benetakoak ateratzen zaizkit.
Zuk zeinekin identifikatzen duzu gehiago zure burua, Goranerekin ala La Jaiorekin?
Goranerekin. Badaukat oraindik ume puntu bat, puntu meloso hori. La Jaio ere, txoni bat da, baina oso neska sanoa da, batere konplejorik gabea. Inuzente samarra da, ni bezala.
Gidoilari lanetan ere ari zara lehen aldiz. Denetik egiten duzu.
Lanbide honetan komeni da eremu ezberdinak ukitzea, askotan aktore bezala bakarrik lanik ez delako egoten. Uste dut orain ikasitakoa etorkizunean ongi etorriko zaidala. Aurkezle bezala ere aritu izan naiz, baina nahiago dut aktorearen edo gidoilariaren lana.
Proiekturen bat esku artean?
Gogoa daukat nik neuk zerbait idazteko, nire zerbait sortzeko. Ideia asko dauzkat buruan, eta tartetxo bat izan orduko hasiko naiz. Beti gustatu izan zait idaztea, eta kamera aurrean egoteaz gain, atzean egotea eta artea sortzea ere oso polita da. Zerbait ona idatzi aurretik agian hiru edo lau txar idatziko ditut, baina idatziko dut bat ona ere, iritsiko da.
Parte hartu duzun Txarriboda filma apirilean estreinatu zen. Zein pertsonaia interpretatzen duzu bertan?
Nire pertsonaia Begoña da. Alaba bakarra da, familia dirudunekoa, bizitza erraza izan duena. Bizkaitarra da, eta hori da gehien kosta zaidana, bizkaitarrez hitz egitea. Niretzat prozesu oso interesgarria izan da, nire euskaratik oso desberdina delako. Asko gozatu eta ikasi dut. Eskerrak euskara teknikari batek lagundu digula.
Nolako harrera izaten ari da filma?
Orokorrean ona. Espero ez zuen pelikula bat ikusi du jendeak, thriller poliziako bat euskaraz. Nik jendea beti animatzen dut zinemara euskal pelikulak ikustera joatera. Gero esango dute gustatu zaien ala ez, baina oso inportantea da guk geure produktuak babestea. Euskal filmak estreinatzen direnean salak ia hutsik egoten dira, eta horrek pena ematen du.
Telebistan umorearekin lotutako paperak egin izan dituzu gehienetan. Zinemak, berriz, eman dizu aukera beste erregistro batzuk lantzeko, ezta?
Bai, justu Txarriboda filmak oso erregistro dramatikoa dauka, eta ekoiztetxe honekin aurretik egin ditudanek ere bai. Eskertzen dut hori. Komedian asko gozatzen dut, eta errazena ateratzen zaidana da. Baina tarteka eskertzen da beste erregistro batzuetan lana egiteko aukera izatea. Denetik probatu behar da. Dena den, egia da jendeak komediarekin lotzen nauela beti, baina ez zait inporta. Jendeari barre eginaraztea niretzat oso positiboa da. Agian ez duzu oso antzezlan sakona egin, baina norbaiti barre eginarazi diozu, eta hori ere polita da.
Euskal zinema ere aldatzen ari da, ala?
Azkenaldian egin diren filmek aldaketa handiak ekarri dituzte euskal zinemagintzan: Loreak, Amaren eskuak, Bypass, La maquina de pintar nubes… Produktu oso onak egiten ari dira, eta pena ematen dit gutxi ikusten direla.
Motzean
Orain arte egindako lanen artean, zeinek ekartzen dizkio oroitzapen onenak Aitziber Garmendiari?
Antzerkia.
Emakumeak izarapean. Obra modura gehien gustatu zaidana izan da, osoena.
Telebista.
Martin telesaila. Bertan hasi nintzen telebistan, eta lankideok familia bat osatu genuen.
Zinema.
Anfitrioi berezia. Erregistro dramatikoa lantzeko aukera eman zidaten lehen aldiz, eta nigan konfiantza jartzen zutela ikustea garrantzitsua izan zen niretzat.