Aralar parke naturaleko parketxeak antolatuta, gaueko irteera gidatua egin zuten, larunbatean. Zaldibiako Arkakan, uraren interpretazio zentroko urmaelaren inguruan ibili zen talde bat, Ander Izagirre adituak gidatuta. Bertako anfibio espezieak aurkitu, ikusi eta haiei buruzko azalpenak ikasi zituzten. Anfibioen ugalketa garaian, aktibitate handiena gauez izaten dute.

Ander Izagirre aditua, azalpenak ematen/Aralarko Parketxea
Espezie asko topatzerik ez zuten izan, baina aurkitutakoak interesgarriak izan ziren oso: “Apo arrunta anplexoen errutea jartzen edo bikote bila, apo arruntaren eta txantxikuaren zapaburuak, bertako karramarroak…”, azaldu dute Aralarko parketxekoek.

Anfibioak gauez ikusteko txangoa, larunbatean, Zaldibiako Arkakan./Aralarko Parketxea
Azkenean, txantxikua ikusteko modua ere izan zuten, ia aurkitzeko etsita zeudenean. “Bi txantxiku zulo berean, arra eta emea, arrak arrautzak gainean zeramatzala. Ederra izan zen, eta haurrek ere gozatu zuten animaliatxoak ikusiz, batez ere txantxikua, ez baita erraza ikustea”.
Anfibioak ikusteko hurrengo irteera igandean (maiatzak 17) izango da. Orduan egunez izango da, 10:00etan irtenda, Lizarrustiko parketxetik.