Goi tentsioko linearen aurkako plataformak proiektuaren aurka egiteko konpromisoa eskatu die lineak eragiten dien herrietako hautagai zerrendei.
Enara Sodupe, Goi Tentsiorik Ez plataformako kidea /M.Igartua
Ezkio-Itsaso eta Deikaztelu (Nafarroa) artean eraikitzekoak diren goi tentsioko linearen aurka egiteko konpromisoa hartu dute datorren udal hauteskundeetara aurkeztu diren hainbat hautagai zerrendak. Herenegun Deikaztelun egindako aldarrikapen ekitaldian aurkeztu zuten hautagaiek sinatutako konpromisoa. Proiektua atzera botatzeko ahaleginak egitea eta proiektuaren inguruko informazioa herritarren artean banatzea da hartutako konpromisoa. Goierriko zortzi hautagai zerrendak eman diote atxikimendua, nahiz eta plataformakoek ez duten zein diren publiko egin nahi izan.
Zein helbururekin bilatu duzue hautagai zerrenden konpromisoa?
Igandean zainzuriaren azoka zen Deikaztelun, eta bertan proiektuari aurkakotasuna erakutsi genion goi tentsioko linearen aurkako plataformako kideek. Era berean, maiatzaren 24ko udal hauteskundeetara aurkezten diren hautagai zerrendek konpromisoari atxikimendua adierazteko baliatu genuen ekitaldia. Deikazteluko zainzuriaren azokako festa giroa aprobetxatu genuen aldarrikapena egiteko, eta eskumena duten erakundeek proiektuaren aurka egiteko eskatzeko. Herriak eta kontzejuak babestu beharrean, multinazional elektrikoen eskutik jarri dira erakundeak.
Goierrin asko izan al dira konpromisoari atxikimendua eman diotenak?
Goi tentsioko linearen proiektuak guztira 40 herriri eragiten die, Ezkio-Itsaso eta Deikaztelu artean. 40 herri horietako 50 hautagai zerrendak sinatu dute atxikimendua. Goierrin sei herriri eragiten die: Idiazabali, Zegamari, Segurari, Zeraini, Mutiloari eta Gabiriari. Sei herri horietako zortzi hautagai zerrendak sinatu dute konpromisoa.
Udalek zein puntura arte dute ahalmena proiektu honen aurka egiteko?
Berez udalek ez dute proiektua atzera botatzeko eskumen zuzenik, baina badute presioa egiteko modua. Ez da ahaztu behar bere egunean antzeko proiektu bat alderdi politiko desberdinenen ezetzarengatik eta presio sozialarengatik bota zela atzera.
Eta nola egin dezakete udalek presioa?
Presioa modu desberdinetara egin daiteke, eskumena duten erakundeei eskatuz, eta orain arte bezala presio soziala bultzatzeko egitasmoak aurrera eramanez.
Proiektuaren inguruko informazioa herritarren artean zabaltzeko konpromisoa ere hartu dute hautagaiek. Informazioa falta dela uste al duzue?
Egin dira ahaleginak informazioa modu desberdinetara herritarrengana zabaltzeko, baina oraindik konturatzen gara herritar batzuek ez dutela behar adina informazio. Bide hau jorratzen jarraitu behar dugu.
Zein kalte ekar ditzake proiektuak?
Proiektuaren kalteak handiak izango dira hainbat alorretan, esaterako, ingurumenean, ondarean eta herritarren osasunean.
Eusko Jaurlaritzarekin, Nafarroako Gobernuarekin eta Aldundiko ordezkariekin hainbat bilera egin dituzue. Zein erantzun jaso duzue?
Jaurlaritzaren kasuan erantzun ezberdinak jaso ditugu. Eremu bakoitzak bere ikuspuntua dauka. Energiaren ikuspegitik beharrezkoa ikusten dute, baina ingurumenaren aldetik beste alternatiba bat proposatzen dute, gaur egun dagoen linea berrindartuz. Nafarroako Gobernuak, berriz, proiektua beharrezkoa ikusten du. Iritzi desberdinak daude, baina plataformakook inolako informazio zehatzik jaso gabe jarraitzen dugu, babes gutxirekin. Erakundeen hitz onak entzun izan ditugu, baina ekintzetara pasatzen garenean, ez da ezer zehatzik gauzatzen.
Baduzue beste egitasmorik buruan?
Hautagai zerrenda gehiagoren atxikimendua lortzen saiatuko gara hemendik aurrera, eta presio soziala egiteko manifestazio, elkarretaratze eta ekintza gehiago ere badauzkagu buruan.