Udal ordezkariez gain, berdintasun teknikariek, gizarte langileek eta osasun eta segurtasun arduradunek bat egin dute ekimenarekin
Goierriko 18 herritako udal, osasun eta segurtasun arloko arduradunek, indarkeria jasan duten emakumeen arretarako protokoloa sinatu dute gaur, Seguran. Ia bi urte iraun dituen prozesu parte-hartzailea izan da, eta 80 eragilek baino gehiagok parte hartu dute, tartean berdintasun teknikariek eta emakume elkarteek. Helburua, genero indarkeria edo sexu erasoak jasan dituzten emakumeei “arreta egokia eta koordinatua” ematea dela azaldu dute aldeek.
Ainhoa Irazu Ordiziako Berdintasun teknikariak azal duenez, dokumentu horrek, «genero indarkeria eta sexu erasoen nondik norakoak, jarduteko prozedurak, eta kasu bat atzemanez gero jo beharreko ate edo zerbitzuen gida bat» jasotzen ditu, besteak beste. «Lan handia izan da, baina merezi izan du. Orain lan egiteko tresna komuna dugu, eta horrek, kaltetuen arreta hobetu eta koordinazioa bermatuko du».
Protokoloa sinatu duten 18 udalen izenean Zezilia Herrador eta Gaizka Balerdi, Beasaingo eta Gaintzako zinegotziek hitz egin dute. Herradorren hitzetan, «emakumeen kontrako indarkeriak, egungo gizarteak duen arazorik lazgarrienetako bat izaten jarraitzen du». Arazo horren oinarrian «emakumeen eta gizonen arteko desberdintasuna» dagoela uste du, eta hori «arazo estrukturala» dela. Hala, emakumeen kontrako indarkeria, «giza eskubideen urraketa bat, onartzerik ez dagoen urraketa bat» dela azaldu du.
Gaizka Balerdik berriz, Goierri beheko 18 herrien artean «alde handiak» daudela eta «emakumeen kontrako indarkeriaren arloan orain arte egindako bidea oso ezberdina denez, abiapuntuak ere desberdinak» direla gogorarazi du. Hala, «koordinazio ikuspuntutik, Goierrin indarkeria jasan duten emakumeen arreta bermatzeko, udalerri horietako askok duten aukera bakarra, protoloko hau aurrera ateratzea» dela azaldu du.
Udaltzaingoa eta Ertzaintza
Indarkeria mota honi egiteko baliabide nagusietako bat, segurtasunarena izango da. Zentzu horretan, Lazkao, Beasain eta Ordiziako udaltzainek eta Ertzaintzak ere sinatu dute akordioa. Begoña Zuazolazigorraga Oriako Ertzain etxeko buruak, gai honekin «konpromiso pertsonala» duela esan du, baina baita ordezkatzen duen erakundearena ere. Hala, protokolo honekin «parte-hartzaileen jarduera guztia koordinatua» izatea lortu nahi dute, «dena benetako helburu batekin: eraso sexualak eta genero indarkeria bizi izaten duten emakumeei laguntzarik onena eskaintzea».
Prozesu partehartzailea
Protokoloa «modu parte-hartzailean» garatu dute, «esparruko 80 bat profesional eta eragilerekin eta Farapiren gidaritzapean». Hain zuzen ere, Farapi elkarteko Nerea Eliasek, protokoloak «hiru momentu» izan dituela azaldu du: «lehenengo egoeraren diagnostikoa» egin zen. Horren ondoren, formakuntza saioak egin zituzten. Eta azkenik, protokoloa bera adosteko lan prozesua egin da. Azken txostenean, «sexu erasoak eta genero indarkeria kasuak eta bakoitzean zein kasuistika» aztertu dute, baina baita kasu horietako bakoitzen «zein profesionalek erantzun diezaiokeen horri eta zein baliabide jarriko diren martxan» ere.