Alderdiei errepasoa - Irabazi: Aldaketaren lemazain aurkeztu dira
Urrian Bilbon egindako agerraldi batean aurkeztu zuten Irabazi Euskadi hautes plataforma berria. Euskal Autonomia Erkidegoko hiru aldundietara eta ahalik eta herri gehienetara aurkezteko nahia agertu zuten orduan. Equo ekologisten taldeko Juantxo Lopez de Uraldek Ezker Anitzarekin eta Alternativa Republicanarekin lortutako akordio baten fruitua da plataforma. Goierrin lau herritan aurkeztu dituzte haitagaitzak: Legazpin, Zumarragan, Urretxun eta Ordizian. Irabazi-Ganar izenez erregistratu dituzte hautes zerrenda horiek.
Eredu ekonomikoaren krisialdiarekin, eskubide sozialen eta lan eskubideen aurka izan diren atzerapausoen ezinegonetik sortutako formazioa dela diote Irabazirena. Azken urteetan ezkerreko alderdiek izan dituzten zatiketen aurrean, batuketa. Baita Goierrin ere. Hauteskunde atarian bolo-bolo zabaldu den «aldaketaren» trenera igo dira Irabazikoak ere, aldaketa horretan lemazain izateko asmoz.
Politikan behar den «aldaketa» direla diote, eta Ezker Anitza-IUn nahiz Equon ezagunak diren aurpegiak ikusi ditugu zerrendetan.
«Lanaren banaketa, gardentasuna eta parte hartzea» dira landuko dituzten oinarri nagusienetako hiru. Nagusikerien aurrean, zorrak, bikoiztasunak, alferrikako gastuak eta pribilegioak ikuskatzea proposatzen dute. Langabezia eta ezengonkortasunari aurre egiteko, lana banatzea. Aberastasuna hedatzea ere babestu dute zerga-erreforma baten bidez, abantailak mozteko. Probreziari, bazterketari eta menpekotasunari aurre egiteko, giza-eskubideak garatuz zerbitzu eta prestazio duinetan sakontzea proposatzen dute. Hiri eta energia eredu berri bat sustatzea bultzatuko dute, bestalde, klima aldaketa eta energia krisia gainditu ahal izateko.
Espekulazio eta eraikuntza-burbuilaren aurrean, hutsik dauden etxeak zergapetzea; hondakinen gaian zero zaborrerantz joatea; energia elektriko publikoa sustatzea nahiz emakumeen eta gizonen arteko benetako berdintasunerako pausoak ematea dira Irabaziren lan ildo nagusietako batzuk.
Elkarlana Goierri garaian
«Udalean gauzak aldatzeko, elkarlanean oinarrituz eta herritarrentzako politika atsegina egiteko asmoz» aurkeztu da hauteskundeetara Alberto Bezunartea. Equo talde ekofeministako militanta da bera, Legazpiko Irabazi plataformak aukeratu duen alkategaia. Equoz gain, Ezker Anitza eta Podemos alderdietako kideez nahiz independenteez osatu dute zerrenda. Elkarlan hori errepikatu da Goierri garaiko herritan. Podemoseko kideak ere Irabaziren zerrendetan doaz.
Artean programaren aurkezpena egin gabe duten arren, udal kudeaketan herritarren parte hartzea bermatzea eta politika gardena egitea dira egiteko nagusiak. Zinegotzi bat edo bi lortzeko asmoz, udal kudeaketan «eragin» nahi dute. Zerbitzu «eraginkorragoak» izateko, ondoko herriekin lan egiteko beharra defendatu dute. Bide beretik doaz Zumarragako eta Urretxuko Irabazikoak ere. Bi herrien bat egiteaz ere hitz egin dute, «oraindik ezinezko» ikusten dutela onartu duten arren. Ezinezko, baina gaia mahai gainean jarri dute. Herriak herri, zerbitzuak bateratzea da eskatzen dutena. Zumarragako eta Urretxuren kasuan, bereziki, bi herrietarako batzorde komunak sortzea proposatzen dute.
Herritar guztien ongizatea bermatzeko, ekonomian eta gizarte politiketan egin beharreko aldaketez gain, ingurugiroaren defentsa ere egin du Unai Orbegozo Zumarragako alkategaiak. Neurri fiskalak eta zerga bereziak proposatu dituzte horretarako. Alberto La Rosak ere mugikortasun jasangarriaren aldeko apustua nabarmendu du.
Gertutik ezagutzen du Ordiziako Udala Mari Jose Vazquez Irabaziren alkategaiak ere. Lehen Ezker Batuko zinegotzi izandakoa da bera, nahiz eta azken urteetan ez den udalean izan. Irabaziren zerrendaburu izango da oraingoan. «Ezkerreko ideiak konplexurik gabe» defendatzeko nahia azaldu du berak. Udalaren osaketan bere lekua egin eta egunerokoan zeresana izatea da Vazquezen asmoa. Irabazik ateak irekita ditu edonorekin hitz egiteko.
Zerrenda banarekin, baina elkar hartuta lan egiteko prest, Ordizian Ibilbidea abiatzerako ezinulertuak izan zituzten esku artean Ordizian. Irabazi eta Podemos plataformetako kideak ez dira gai izan zerrenda bateratua osatzeko. Indarrak batu eta udalean benetako eragina izateko asmoa zuten hasiera batean, baina zerrendaren osaketak nola behar zuen ados jarri ez zirenez, bakoitzak berea osatu du. Ordizia izango da hala Goierrin hautagaitza gehien izango dituen herria: sei guztira. Mari Jose Vazquezek gidatuko duen Irabazi Ordizia eta Mila Sukia zerrendaburu duen Orain Ordizia, baina, ez direla kontrakoak diote. Zerrenda bateratzeko adostasunik izan ez duten arren, aurrerantzean elkarrekin lan egiteko prest agertu dira. «Asmo eta helburuetan bat egin badugu, zergatik ez?», dio Mila Sukiak. Elkarlanerako asmoz, baina hautagaitza banarekin, herritarren babes zabala lortzea izango dute lehen erronka, bai udalean ordezkaritza izango badute behinzat. Mila Sukiak zenbakietan erori gabe, aurreikuspenak egiteko garaian «irabaztera» doazela diote. Goierriko Podemosen zirkulutik ateratako kezkei eta arazoei irtenbidea emateko neurriak hartzea izango da euren egitekoa. «Bihotz inpultsua» izan da hauteskundeetara aurkeztearena. Podemoseko kideek eta independenteek osatzen duten hautagaitza da eurena. Bidea hasi besterik ez dutela egin dio Sukiak.