Areto futboleko taldeak botako du Legorretan jaien hasierako suziria
Azkeneko lau urteotan izan duen bilakaera oparoaren eta ibilbide bikainaren aitortza egingo diete legorretarrek herriko areto futboleko taldekoei. Azentzio jaien hasierako suziria botatzeko eta pregoia irakurtzeko izendatu dituzte. Izan ere, iaz Gipuzkoako mailatik Euskal Ligara igo baldin baziren, orain beste jauzi erraldoi bat egin dute: Espainiako 3. Mailaraino goratu dute taldea. Duela lau denboraldi Gipuzkoako 2. mailan zebiltzan.
Legorretako festek ohiko egitura izango dute. Hasteko egun indartsua izango dute. Gazte Pikuren pilota txapelketa herrikoiko finala, pregoia, Goierriren eta Tolosaldearen arteko bertso desafioa eta kuadrillen arteko afaria izango dira lehenengo egunean, gaur.
Ondoren, Azentzio festaburua bihar da, erromeria handiarekin arratsalde partean. Ostiralean play-back ikuskizunak, eta larunbata atzera festa betekoa: mozorrotuen eguna, txakolin dastaketa eta 33. Paella Lehiaketa. Igandean, azkenik, herri kirol jaialdiarekin bukatuko dira festak.
Gaur, bertso desafioan honako bertsolariek parte hartuko dute. 19:30ean hasiko dira, Olaso taberna parean. Goierriren aldetik Gemma Urteaga, Gorka Maiz eta Julen Agirre ariko dira. Tolosaldetik, Mikel Artola, Beñat Iguaran eta Unai Mendizabal. Aurkezle Ainhoa Mujika da.
Igandeko herri kirol jaialdia tokiz aldatuko dute. Aizpe baserriko zelaian izango da, segalariak ere ariko direlako. Hiru bikote mistoren artean sega eta trontza lehiaketa izango da: Irati Astondoa (Zeanuri)-Andoni Urrutia (Oñati), Alatzne Etxaburua (Zizurkil)-Xanti Aizpurua (Zizurkil), eta Arrate Garin (Legorreta)-Igor Esnaola (Legorreta).
EGITARAUA
Gaur, maiatzak 13
- 18:00. Gazte-Piku asanbladak antolatutako pilota txapelketaren finala.
- 19:00. Jai hasierako suziri botatzea, Legorreta areto futbol taldeak.
- Ondoren. Gizon Pikua udaletxeko balkoian jartzea. Puxikak, gozokiak, litxarreriak…
- 19:15. Buruhandiak eta kalejira.
- 19:30. Bertsolarien erronka. Goierri eta Tolosaldea eskualde arteko bertso desafioa, bertsolari gazteekin. Olaso taberna aurretik abiatuta.
- 21:30. Lagunarteko afaria, Bilkoin elkartean.
- Ondoren. Kalejira, Burrunbazale txarangarekin.
- 11:00. Meza nagusia.
- 13:30. Buruhandiak eta Solano musika eskolako trikitilariak.
- 18:00. Euskal erromeria: Irrintzi Alai dantza taldearen emanaldia, trikitilariekin erromeria, sagardo dastaketa, txorizo jatea; Txokotan pilota lehiaketa.
- 23:00. Helduen danborrada.
- Ondoren. Burrunbazale txarangarekin dantzaldia.
- 11:30-14:00. Puzgarriak eta haur jolasak.
- 12:30. Pote, igel eta toka txapelketa.
- 14:30. Herri bazkaria, Bilkoin elkartean, Orkresta Itinerante taldeak alaituta.
- 19:00. Haurren play-back kantaldia.
- 23:30. Helduen play-back kantaldia.
- 13:00etatik aurrera. Mozorro eguna.
- 13:00. Txakolin dastaketa, The Joselontxo’s txarangak alaituta, plazan.
- 13:00. 33. Paella txapelketa. Aurkezteko ordua 14:00ak arte.
- 14:30. Herri bazkaria.
- 22:30. Gabezin taldearekin dantzaldia.
- 01:30. Mozorro lehiaketako sari banaketa.
- 12:00-14:30. Solano musika eskolako ikasleen kalejira.
- 18:30. Herri kirol jaialdia, Aizpe baserriko zelaian. Hiru bikote misto segan eta trontzan: Irati Astondoa-Andoni Urrutia, Alazne Etxaburua-Xanti Aizpurua, eta Arrate Garin-Igor Esnaola.