Markos Gimeno ermuarrak palindromoei buruko hitzaldia eman du Beasaingo Igartza jauregian.
Ezkerretik eskuinera zein eskuinetik ezkerrera irakur daitezkeen hitzak dira.
Palindromoak ezkerretik eskuinera eta eskuinetik ezkerrera irakur daitezkeen hitzak eta esaldiak dira. Gezurra badirudi ere, hitz eta esaldi palindromoak bilatzea eta sortzea zaletasun duten pertsonak daude. Horietako bat Markos Gimeno ermuarra da. Palindromoei buruzko hitzaldia eman du Beasainen, Goiztiri AEK euskaltegiak antolatuta.
Gimeno 1998an murgildu zen palindromoen munduan. «Beti gustatu zaizkit hitz-jokoak eta idaztea eta halako batean palindromoak deskubritu nituen», azaldu du.2007an blog bat sortu zuen (zerorajasoa.com) eta ariketa liburu bat ere argitaratu du. «Blogean astero ariketa bat jartzen dut. Batzuek astero parte hartzen dute. Liburuan, berriz, blogeko lanak bildu ditut», aipatu du bizkaitarrak.
Euskal Herrian gutxik dakite berak haina palidromoez, baina ez da aitzindaria. «Euzkadi egunkarian Kirikiño idazle markinarrak euskarazko palindromoak jasotzeko deialdi bat egin zuen».Berak ez daki zenbat hitz palindromo aurkitu dituen. Asko dira. «100 orri baino gehiago bete ditut hitz palindromoekin». Sekula osatu duen esaldi luzeenari dagokionez, 90 hitz baino gehiago ditu.
Ariketa polita dela dio. «Jolas erakargarria da: bakarrik egin daiteke eta doanekoa da. Aberasgarria da, gainera».Zaleek nazioarteko elkarte bat sortu zuten: Club Palindromista Internacional. «Gaztelaniaz tradizio handia dago: Argentinan, Mexikon…».Euskara palindromoetan aberatsa dela dio. «Bokalak eta kontsonanteak txandaka dituzten hitzak dira egokienak eta euskaraz halako hitz asko daude».
Arrasate Euskaldundu Dezagun (AED) elkarteak palindromo lehiaketa antolatzen zuen, baina antolatzeari utzi zion. Gimeno epaimahaikide izateko deitzen zuten. Hasiera batean bere zaletasunak zur eta lur utzi zituen bere ingurukoak. Gimenok denek palindromo bat zer den jakitea lortu zuen.
Tatuaiak ere gustuko ditu eta, noski, bere palindromo kuttuna tatuatu zuen azalean:
esanikerruzegibat.