Indarkeria jasan duten emakumeak babesteko protokoloa osatu dute
Goierri beheko 18 herrietako udal ordezkariek eta osasun nahiz segurtasun arloko arduradunek sinatu dute. Emakumeei arreta koordinatua eskaintzea du helburuGenero indarkeria eta sexu erasoak jasaten dituzten emakumeei arreta egokia eta koordinatua emat...
Goierri beheko 18 herrietako udal ordezkariek eta osasun nahiz segurtasun arloko arduradunek sinatu dute. Emakumeei arreta koordinatua eskaintzea du helburu
Genero indarkeria eta sexu erasoak jasaten dituzten emakumeei arreta egokia eta koordinatua emateko protokoloa sinatu dute Goierri beheko hainbat eragilek. 18 herritako udal ordezkariez gain, berdintasun teknikariek, talde feministek eta emakume elkarteek, Osakidetzak, udaltzainek eta Ertzaintzak hitzartu dute agiria. Guztien arteko elkarlana hobetu, berdintasuna bultzatu eta emakumeei ahal den babes guztia emateko konpromisoa hartu dute.Atzo Seguran sinatu zuten protokoloa, duela bi urte hasitako lanaren ondorioa dela gogorarazi du Ainhoa Irazu Ordiziako Berdintasun teknikariak. Dokumentu horrek, «genero indarkeria eta sexu erasoen nondik norakoak, jarduteko prozedurak, eta kasu bat atzemanez gero jo beharreko ate edo zerbitzuen gida bat» jasotzen ditu, besteak beste. Irazuren arabera, «lan handia izan da, baina merezi izan du. Orain lan egiteko tresna komuna dugu, eta horrek, kaltetuen arreta hobetu eta koordinazioa bermatuko du».
«Arazo estrukturala»
Protokoloa sinatu duten 18 udalen izenean Zezilia Herrador eta Gaizka Balerdi, Beasaingo eta Gaintzako zinegotziek hitz egin zuten, akordioaren nondik norakoak azaltzeko. Herradorren hitzetan, «emakumeen kontrako indarkeriak, egungo gizarteak duen arazorik lazgarrienetako bat izaten jarraitzen du». Arazo horren oinarrian «emakumeen eta gizonen arteko desberdintasuna» dagoela uste du, eta hori «arazo estrukturala» dela.
Emakumeen kontrako indarkeria, «giza eskubideen urraketa bat, onartzerik ez dagoen urraketa bat» dela azaldu du Herradorrek. Gainera, «indarkeria mota honek emakume guztiak» erasotzen dituela azaldu du, «berdin da zein izaera sozial, zein adin, estatus, erligio, nazionalitate edo hezkuntza izan duten». Hala ere, «Euskal Herrian mugimendu feministak eta emakume taldeek egindako lanari esker, emakumeen aurkako indarkeria arazo publiko gisa, eta ez arazo pribatu gisa, aitortzea» lortu dela uste du, baina orain, «politika publikoen erronka izango da kontzepzio horretara egokituko diren neurriak eta jardunak diseinatzea».
Gaizka Balerdik berriz, Goierri beheko 18 herrien artean «alde handiak» daudela eta «emakumeen kontrako indarkeriaren arloan orain arte egindako bidea oso ezberdina denez, abiapuntuak ere desberdinak» direla gogorarazi du. Hala, «koordinazio ikuspuntutik, Goierrin indarkeria jasan duten emakumeen arreta bermatzeko, udalerri horietako askok duten aukera bakarra, protoloko hau aurrera ateratzea» dela azaldu du.
Indarkeria mota honi egiteko baliabide nagusietako bat, segurtasunarena izango da. Zentzu horretan, Lazkao, Beasain eta Ordiziako udaltzainek eta Ertzaintzak ere sinatu dute akordioa. Begoña Zuazolazigorraga Oriako Ertzain etxeko buruak, gai honekin «konpromiso pertsonala» duela esan du, baina baita ordezkatzen duen erakundearena ere. Hala, protokolo honekin «parte-hartzaileen jarduera guztia koordinatua» izatea lortu nahi dute, «dena benetako helburu batekin: eraso sexualak eta genero indarkeria bizi izaten duten emakumeei laguntzarik onena eskaintzea».
Prozesu partehartzailea
Protokoloa «modu parte-hartzailean» garatu dute, «esparruko 80 bat profesional eta eragilerekin eta Farapiren gidaritzapean». Hain zuzen ere, Farapi elkarteko Nerea Eliasek, protokoloak «hiru momentu» izan dituela azaldu du: «lehenengo egoeraren diagnostikoa» egin zen. Horren ondoren, formakuntza saioak egin zituzten. Eta azkenik, protokoloa bera adosteko lan prozesua egin da. Azken txostenean, «sexu erasoak eta genero indarkeria kasuak eta bakoitzean zein kasuistika» aztertu dute, baina baita kasu horietako bakoitzen «zein profesionalek erantzun diezaiokeen horri eta zein baliabide jarriko diren martxan» ere.