Alderdiei errepasoa-PP: Boto 'sinbolikoaren' bila doa PP
Beasaingoa eta Zumarragakoa dira gaur egun Partidu Popularrak ordezkaritzak dituen Goierriko udal bakarrak. Bana bakoitzean, Julio Herreros Beasainen eta Begoña Pereira Zumarragan. Alkategai dira biak berriz datozen udal hauteskundeetarako, eta kanpaina bete-betean sartuta daude. Udal politikagintza aldatzeko beharra ikusten dute, «bizilagunen arazoei» irteera emateko daudela diote. Bosgarrenez aurkeztuko da Herreros, eta egunetik egunera «gogotsuago» dagoela dio. Gizarte zerbitzuak, enplegua, lana, berdintasuna nahiz kirola izango dira Pereirarak mahai gainean jarri dituen lan alor nagusiak.
Zazpi herritan aurkeztu ditu zerrendak PPk, baina horietako hiru ari dira aktiboki lanean kanpainan. Pablo Ibrahim Chamali aurkeztu da Legazpiko alkatetzarako. 1999 eta 2007 artean Maribel Huarte izan zen Legazpin PPk izan zuen zinegotzia, eta Chamalik berreskuratu nahi du postu hori. Donostian bizi da hautagaia.
Antzua da gainontzeko hautagaiekin hitz egiteko ahalegina, euren asmoen berri emateko moduan ez daudelako. Andres Navarrok ez du Idiazabal ezagutzen, eta Jose Vicedo Sanchezek Zegama ere ez. Bi herri horietarako alkategaiak dira. Berdin gertatzen da gainontzeko herritako hautagaiekin ere. Halaxe aitortu digu gainera Javier Sainz PPk Gipuzkoan duen prentsa arduradunetako batek. PPren parakaidistak «boluntarioak» dira. Ahalik eta udal gehienetan ordezkaritza lortu ahal izateko alderdiko kideak direla diote. Arrazoia? Herrietan PPri botoa eman nahi dion bakar ren bat egonez gero, hari aukera hori ematea. Boto «sinbolikoa» dela diote. «Goierriko herri horietako bi edo hiru boto ez dira inora iritsiko, baina PPren jarraitzaile direnei aukera emango diegu. Nik ez dut Idiazabal ezagutzen, baina han inork ez du PPren banderatxoa astinduko!». Prentsa arduradunaren hitzetan PPri botoa emateko aukera hori «errebeldia oihua» da.
Zalaparta izan zuten Zerainen duela lau urte PPren hautagaitzarekin. Zeraingo Herri Kandidaturak 93 boto eskuratu zituen eta PPk bakar bat. Akats baten ondorioz eta beharrezko erreklamazioak garaian ez egitearren, PPk zinegotzi bat eskuratu zuen. «Guk ez genuen inongo ardurarik izan hartan, eta kargua hartzeko moduan ere ez geunden», dio Sainzek. Prentsa arduradunak argi du, Beasain, Legazpi eta Zumarragaz gain, aurkeztu diren herriren batean zinegotziren bat eskuratuko balute, zerrenda osoak dimititu eta alderdiak egoki ikusten duena jarriko luketela, Orexan egin zuten gisan.
Edozeren gainetik, maiatzaren 24an aukeren artean euren hautagaitza egotea estrategikoa da PPerentzat.