Beasaingo Plan Orokorraren diagnosiak hirigintza eredua aldatzeko beharra utzi du agerian
Beasaingo Hirigintza Plan Orokorra gauzatzeko bidean, pauso garrantzitsua eman du udalak, plan hori egiteko oinarria den diagnosia aurkeztuta. Oraindik «bide luzea» gelditzen bada ere –2017an onartzea aurrikusten dute–, egindako bidea «oparoa» izan dela azaldu du Koldo Agirre alkateak. Plan orokorra, udalerriko «hiri eta landa lurrak eta hauetan eman daitezkeen erabilerak» arautzen dituen tresna dela azaldu du; hau da, etorkizunean «zer nolako Beasain nahi dugun» zehazteko prozesua izan da, iaz hasi eta hainbat hilabetez garatu dena.
Hektor Espin arkitektoa arduratu zen diagnosi horren filosofia eta xehetasunak azaltzeaz. Bere ustez, «hirigintzak aldaketa sakon bat behar du eta oinarri berrien gainean» eraiki behar da, bai formetan eta bai edukietan. Formei dagokionean, «herritarrek protagonista» izan behar dutela uste du; «hori egiten saiatu gara diagnosi honetan».
Espinek «eredu aldaketaren ideia» nabarmendu zuen. «Hedapenaren eta lurzorua xehetzearen eredutik, natur baliabideen eta lurzoruaren birkalifikazioaren eredura urratsa emateko garaia» dela uste dute. Izan ere, azken hamarkadetan «hedapenaren eta sektorizazioaren aldeko apustua» egin da, eta ibai ertzak «ia erabat okupatu eta artifizializatu» dira, etxebizitzaren nahiz industriaren mesedetan. Horren ondorioa zera da, «Beasaingo lurzoru erabilgarri ia guztia okupatuta» dagoela, azken 20 urteetan «ia bikoiztu egin baita urbanizatutako lurzorua». Eta hori, nekazaritzako lurren kaltetan izan dela eta «ingurumenaren eta paisaiaren baldintzak nabarmen okertu» egin direla uste du.
Lau ardatz nagusi
Eredu aldaketa honek, lau ardatz nagusi izango lituzke: Lehen sektorea jarduera ekonomiko garrantzitsu bezala ulertzea, industria eredua berrikuntzan eta jakintzan oinarritzea, zerbitzu jarduerak eta ekintzailetasuna bultzatzea, eta energia burujabetzaren aurrerapausoak emateko aukera aprobetxatzea.
Egun indarrean dauden arauek aurreikusten zituzten «1000 etxebizitzatik gora, eta 130.000 metro koadroko azalera industriala, garatu gabe» gelditu direla azaldu du Espinek. Datu horrek, «planteatzen dugun eredu aldaketa indartu» egiten duela uste du, eta eremu horiek birpentsatzeko aukera ona dela.
Kalitate oneko prozesua
Diagnosi hau osatzeko egin duten parte-hartze prozesuaren kalitatea «oso ona» izan dela azaldu du Idoia Lopetegi prozesuaren koordinatzaileak. Guztira 100 bat herritarrek parte hartu dute, eta beste hainbat forotan ere landu da gaia; hala nola, Berdintasun Mahaian, Igartzako Kultur Mahaian edota ikastetxeetako umeekin eta gazteekin egin diren bilera saioetan.
DIAGNOSIAREN ONDORIO NAGUSIAK Plan Orokorraren diagnosiak jasotzen dituen aldaketak, «eredu aldaketa horren osagarri» direla azaldu du Espinek. Hauek dira proposamen nagusiak: 1. Izaera. Beasainek historikoki izan duen bidegurutze izaeraren eta honen galeraren inguruko gogoeta egitea, AHTak eta Urbina-Maltzaga ardatzak izango duten eragina aztertuz. 2. Hiri jarraia. Beasain-Ordizia-Lazkao eta Olaberria hiri jarraiaren garapen sozioekonomikorako estrategia bateratuak sustatzea. 3. Kohesioa. Beasaingo hiri egituraren jarraikortasuna eta kohesioa indartzea. 4. Auzoak. Landa auzoek (Arriaran, Astigarreta, Garin eta Aratz-Matxinbenta) osatzen duten ardatz horren garapen integrala sustatzeko plan zuzendari bat egitea. 5. Herrigunea. Herri polizentrikoa izateari utzi eta herrigunea zentro bakar eta oso bezala egituratu, auzoen berezko izaera ahaztu gabe. Kohesioa, komunikazioa eta barne mugikortasuna bultzatu. 6. Natura. Herrigunea eta naturaren arteko harremana berreskuratu. Natur guneekiko eta ibaiekiko harremana berreskuratu eta indartu herrigunean zein auzoetan. 7. Etxebizitza. Eusko Jaurlaritzak hurrengo 8 urtetarako 550 etxebizitzaren beharra aurreikusten du. Beasainen 480 etxebizitza huts daude. Beraz, etxebizitza berrien sustapenak neurtuak izan behar du. 8. Puntu estrategikoak. Azpiegitura handiek osatzen duten oztopo edo muga arkitektonikoa gainditzeko hiru gune estrategiko daude: Zaldizurreta-Senpere, Katea-Eztanda-Antzizar bidegurutzea eta Geltokia-Bernedo enea.Puntu estrategiko horietako batek, Geltokia eta Bernedo enea hartzen dituenak, zeresan ugari eman du azkenaldian. Koldo Agirre alkateak zehaztu duenez, ordea, «hau ez da kontu berria». Izan ere, «ezker abertzaleak duela 20 urte mahai gainean jarri zuen gai hau». Hektor Espin arkitektoak berriz, «herrigunearen garapenerako gune estrategikoa» dela eta ondorioz, «beharrezko jo du herritar guztien parte-hartzearen bidez antolatzea, pentsatzea eta asmatzea». Diagnosian 3 aukera fisiko ezberdin planteatzen dira trenbidea berrantolatzeko. Aukera horien inguruan galdetuta, «denok buruan ditugunak» direla azaldu du: «trenbidea dagoen tokian utzi baino dagoen tokian altxatzea, lurperatzea edo bestela tokiz mugitzea».