Goierrin dauden Eskola Txikiek bihar egingo dute festa, aurten Gabirian. Txandakatuz joaten dira festa antolatzen Olaberria, Itsasondo, Zerain, eta Gabiria, eta aurrerantzean Ezkio-Itsaso ere batuko zaie festara eta zerrendara. Aurten ireki dute Eskola Txikia Ezkio-Itsason, eta lehen eskola bezala festan parte hartuko duten lehen aldia izango da.
Ez dute aparteko ekitaldirik antolatu, baina beharrik ere z dute, Eskola Txikiak bizirik daudela aldarrikatzeko egunerokotasunean ikusten baita ahalegina. 16:30ean elkartuko dira denak Gabirian, eta jolasak, disko festa eta merienda egingo dituzte.
Gipuzkoakoa ere Gabirian
Goierrikoa ez ezik, Gipuzkoako festa ere Gabirian egingo dute aurten. Ekainaren 14an izango da, eta antolaketa lanetan zein bestelako ekitaldietan buru-belarri sartuta daude gabiriarrak. Foru Aldundian ere izan dira Gabiriako ordezkariak, Martin Garitano Ahaldun Nagusiari festa aurkezten.
Gipuzkoako Eskola Txikien ordezkaritza bat eta Gabiriako Balentzategi eskolako ordezkariak bildu dira Garitanorekin, festaren helburuez eta antolaketaz aritzeko. Orain arte egindako festak eta Eskola Txikien eta herrien egoera eta beharrak ere izan dituzte hizpide bileran, eta Gipuzkoako Foru Aldundiari laguntza ere eskatu zioten festa zein eskolak babesteko eta egiteko.