Markel Olanok Bilduk zaborren gaia nola kudeatu duen kritikatu du, Legazpin
Markel Olano EAJren ahaldun nagusi kargurako hautagaia Legazpin egon da gaur. Ekitaldian Koldobike Olabide alkategaiak, herriko alderdikideek, Eider Mendoza eta Xabier Ezeizabarrena batzarkideek eta Patxi Amantegi atez atekoaren aurkako plataformen koordinadorako buruak parte hartu dute.
Olanok zaborrari buruz hitz egin du, hain zuzen ere. “Gure kanpainan 15 herri, 15 proposamen izeneko ekimena aurrera ateratzen ari gara eta Legazpira zaborrei buruz hitz egitera etorri gara. Bilduk Gipuzkoan egin duen kudeaketa negargarria izan da eta guk galdeketa egin nahi dugu. Ez diogu herriari bizkarra emango, Bilduk egin duen bezala. Herritarrei entzun eta herritarrekin lan egingo dugu”.
Atez atekoaren kentzeko nahia azaldu du. “Herritarrekin adostuko dugu nola kendu. Legazpin, adibidez, galdeketa egingo dugu. Gure apustua txipa duen bosgarren edukiontzia da. Atez atekoak eragozpenak ekarri ditu eta garestia da”.
Zabortegirik ez dutela irekiko eta errauskailua egingo dutela ere esan du. “Osinbeltzen, Zestoan, ez dugu zabortegirik irekiko. Datuetan oinarrituta, errauskailua egingo dugu. Zaborraren zikloa ixteko eta hondakinak Gipuzkoatik kanpo ez bidaltzeko, errauskailua beharrezkoa da”.