Onena ematera datoz Zegamara
Arratsaldean egingo dute Zegaman Kilometro Bertikala, baina aurrikusitakoa baino ibilbide motzagoa egingo dute, eguraldiagatik. Parte hartzaileak gogotsu agertu dira Kilometro Bertikalerako eta etziko maratoirako, eta "onena" ematera etorri direla jakinarazi dute.
Laura Orgue: [Kilometro bertikalean eta maratoian parte hartuko du]. “Orain arte kilometro bertikaletan aritu izan naiz. Lehenengo aldia izango da Zegama-Aizkorri mendi maratoian parte hartuko dudana. Maratoia egiteak ilusioa egiten dit, baina errespetu handia diot. Burua erabiltzea eta hotz mantentzea da nire helburua, indarrak ongi kudeatzeko”. Aritz Egea: “Hasieratik egurrean aterako naiz, nire estiloari jarraituz. Aurreko urteko denbora hobetzea zaila ikusten dut (4.00.54, bederatzigarren postua). Indartsu sentitzen naiz, baina hori igandean erakutsi behar da”. Marco De Gasperi: [Iaz bigarren egin zuen, lau orduz azpiko denborarekin]. “Aritz ez bezala, poliki hasiko naiz igandeko maratoian, eta bukaerarako utziko dut indarra. Ez dut uste iazko denbora hobetuko dudanik, aurten ez nago aurreko urteetan bezain indartsu, baina saiatuko naiz ondo egiten. Lokatza izango da gakoa”. Dai Matsumoto: “Bigarren aldia dut Zegama-Aizkorri maratoian. Duela hiru urte parte hartu nuen, baina erretiratu egin behar izan nintzen lesio batengatik. Nire onena emango dut, eta irabaztea espero dut”. Maite Maiora: “Zortzigarren, bosgarren eta hirugarren postuak lortuak ditut orain arte Zegaman. Postu horiek hobetzea posible da, baina nire helburua lasterketa amaitzea izango da. Lasterketan zehar ikusiko da irabazteko aukerarik dudan ala ez, biana ahal dudana emango dut. Espainiako eta Euskal Herriko txapelduna naiz egun, baina horrek ez dit presiorik eragiten. Bai, ordea, nire buruarekin konfiantza izatea, eta motibatuta egotea”.