Maiatzaren 24an Goierrin 15 hautesle elkarte aurkeztuko dira bozetara. Herrigintza mugitzeko oinarrizko motorea dute: auzolana eta partaidetza.
Herrietan eta alderdietan hauteskundeetarako zerrendak osatzea geroz eta lan nekezagoa den honetan, desafio aipagarria suertatzen da lau urtean behin hautesle elkarte independenteak sortzea ere. Herrigintzan jarduteko deiak oraingoz erantzun positiboa izan ohi du Goierrin. Gertuan, ordea, ordezkaritza arazoak hasi dira: Baliarrainen (Tolosaldea) ez da hautagaitza bakar bat ere aurkeztu.
Goierrin guztira 70 hautagaitza aldarrikatu ditu Hauteskunde Batzordeak. Horietatik 16 dira hautesle elkarteak, alderdi politikoen sigletatik apartekoak. Azkenean 15 aurkeztuko dira maiatzaren 24an, Zeraingo Herri Kandidaturak erretiratu egin baitu berea, herrian EH Bilduk ere hautagaitza aurkeztu ostean.
Hautagaitza guztien %21,73 dira herri plataformak. Goierriko 13 herritan osatu dituzte (herrien %59an). Hiru herritan bina hautesle elkarte eratu dituzte: Altzagan, Araman eta Olaberrian.
2011n baino bi gutxiago
Berez, duela lau urteko bozetan aurten baino bi herri zerrenda gehiago atera ziren: 18. Pisu portzentuala irabazi egin dute, hala ere. Orduan 91 hautagaitza ziren guztira (PPk, adibidez, 22 herrietan aurkeztu zituen 2011n; aurten, zazpitan bakarrik).
Hautesle elkarte izateari utzi diote bi herritan hautagaitza banak. Legorretan eta Seguran EAJk alderdiaren izenean osatu ditu zerrendak. Orain arte babestu izan dituen Legorreta Bizirik eta Segura Lantzen desagertu dira. Ildo horretan, Ataunen (Herrigintza), Idiazabalen (Izal Bai), Zaldibian (Zaldibia Herrigintzan) edota Zegaman (Zegama Lantzen) alderdi jeltzaleko kideak joan ohi dira.
Bestetik, Gabirian eta Ormaiztegin bina elkarte desagertu dira. Lehenengo kasuan hautagaitza bakarra osatu dute bietatik, 1999an bezala. Bigarrenean, Ormaiztegi Batzen sortu da, berria.
Subjektu eta objektu herria
Bi ardatz dira nagusi hautesle elkarteen aldeko apustua egiteko, herri txikietan. Bat, alderdien egituretatik —eta eraginpetik— kanpo jardun nahia. Siglen pean ibiltzeak banaketa suposa dezake batura baino gehiago. Biztanle gutxiko herrietan ezinezkoa litzateke, orokorrean, alderdien txistuaren arabera dantzatuko luketen dantzari nahikoa biltzerik udalgintzan aritzeko.
Bigarren arrazoia, pisutsuena agian, herri txikietako auzolan kultura sustraitua da. Herritik herriarentzat lan egiteko filosofiak mugiarazten du hautagai kopuru handi bat aurkeztera.
Kontrapisua ere badute hautesle elkarteek. Alderdi politiko handien babesik, aholkularitzarik, izenik eta egiturarik gabe aurrera atera behar izatea. Hain zuzen, «alderdiaren babes teknikoa, politikoa eta behar dena» bilatze aldera hautatu dute Legorretan sigletara itzultzea. Beste horrenbeste gertatu da Seguran eta Zerainen. Azken herri horretan, 1979an hasi zen aroan lehenengo aldiz aurkeztu da zeraindarren zerrenda bat alderdi baten izenean; herri kandidaturak, ondorioz, atzera jotzea erabaki du, nahiz eta eratu duten.
Partaidetza bultzatu nahi
Herri handiagoetan edo alderdi politikoetan bezalaxe, herritarren parte-hartzea indartu nahi dute hautesle elkarteek ere. Kontsigna politiko hutsetik harago, ordea, berebizikoa —eta askotan ezinbestekoa— dute herriek lan hori, bizirik iraungo badute.
«Azken batean, partaidetza izatea lortu behar dugu. Eta eztabaidak batzordeetan egin. Ez gero tabernan aritu tontokeriak esaten eta besteengatik gaizki esaka. Bileretara joan, eta positiboki hitz egin», dio Goierriko herri bateko alkategai batek. Kooperatiben filosofia bera dela gogorarazi du: «Ika-mikak gainditzeko, parte hartu behar da. Ahalik eta ordezkaritza zabalena behar da horretarako: auzoetakoa, taldeetakoa, elkarteetakoa… Gero udalbatzak sendotuko edo babestuko du, baina batzordeetan erabakitakoa izan behar du, hor hausnartu, hitz egin eta eztabaidatutakoa».
Altzagan eta Araman bina
Bina herri hautagaitza dituzten hiru udalerrietatik, Altzagako eta Aramako kasuak bereziak dira. Bi talde ez dituzte eratu desadostasunak daudelako edo herrigintzako ildo desberdin bateraezinik dagoelako. Paraxutistek lur hartzea zailtzeko da.
Izan ere, Altzagan 2011-2015 agintaldian quorum nahikorik gabe geratu zen udalbatza, bostetik hiru zinegotzik dimisioak eman ondoren. Zerrenda irekiak dira han —baita Araman ere—, 250 biztanle baino gutxiago dituztelako, eta botoa nominala delako. Ordezko zinegotziak aukeratzeko aukera bakarra PPko hautagaiak ziren, bozetan 3 boto jaso zituztelako (Altzagako Artea Taldeak 67).
Azkenean, PPk uko egin zion bere hautagaiak Altzagara bidaltzeari. Bi hilda zeuden, gainera. Halako egoerak saihesteko, nola Altzagan, hala Araman bigarren herri zerrenda bat prestatu dute. «Ofizialak» lehenengoak izango dira, Artea eta Aramako Herri Batzarra, hurrenez hurren. Baina, boto batzuk jasota, bigarren zerrendako batzuk ere ahalbidetuta geratuko dira.