Otsobatzaren azoka, gaur, Ataunen./Aimar Maiz
Ataungo Otsabatza kontsumo taldeak urteko azoka eguna ospatu du, gaur. San Martin auzoko elizaren kalostrapen, bederatzi postu jarri dituzte nekazariek eta artisauek. Tokian tokiko ekoizpena, salmenta zuzena eta nekazaritza-molde ekologikoaren aldeko erakusgarria izan da.
Ardo ekologikoa, baserriko behi-esnearen jogurtak, barazkiak, zuku naturalak, baserriko ogiak, umeentzat arropa, tindatutako artilezko jantziak… Denetarik ikusi, dastatu eta erosi ahal izan da. Nafarroa hegoaldeko uztaren Errigora ekimeneko kontserba loteak eskatzeko mahaia ere jarri dute. Maitzaren 14tik 26ra eska litezke kaxak (orburuak, menestra, potxak, piperrak eta zainzuriak), ekoizlearen jatorrizko prezioan.
Otsabatza taldeak kontsumo elkarteen filosofia ere plazaratu du. Perico Legasseren printzipioak gogorarazi dituzte: “Nekazaritza ez da gizateria elikatzeko soilik. Kultura, historia, ondarea eta bizitzeko modu bat babestea ere bada”.
Elikadurak osasunaren berme izan behar duela defenditu dute. “Sendagaia izan bedi janaria; janaria izan bedi sendagaia”. Euskal Herrian baserri asko desagertu direla ohartarazi dute, eta biztanle erostunek murriztutako egoera hori gutxienez iraunarazteko berealdiko zeresana dutela gehitu dute. “Alamar jo beharrean gara, nahitaez. Gelditzen dena ezagutarazi eta baserria bizirik mantentzeko giltza kontsumitzailearen esku ere badagoela ulertaraztea beharreakoa da”.